Berriak
Atzealdea

Intxurreko pilotarien partida eskaintza zabala izango da bihartik hasita Elorri pilotalekuan

Bihar, ostiralean eta larunbatean jokatuko dira partidak eta tartean Udaberri txapelketakoak izango dira

2018·01·17


Gose gehien duen pilotazalea asetzeko adinako pilota eskaintza izango da Alegian bihartik hasita. Intxurreko pilotarien partida ugari jokatuko dira hiru egunetan zehar eta horietako bi lehenak, bihar bertan jokatuko dira 19:00etatik aurrera Elorri pilotalekuan. Udaberri txapelketakoak izango dira, eskuz banaka nagusien lehen mailan eta Azkoitia eta Soraluzeko bikoteak izango dira Intxurrekoen aurkariak. Ostiralean lau izango dira jokatuko diren partidak eta 18:30ean hasiko da jaialdia. Infantilen bi partida jokatuko dira lehenik. Intxurreko ordezkariek Hernani  eta Añorga izango dituzte aurkari. Ondoren, Udaberri txapelketako beste bi partida jokatuko dira, nagusien bigarren mailakoak. Gazteleku eta Gure Txeruren aurka ariko dira etxekoak. Azkenik, larunbatean 15:30ean hasiko da jaialdia eta Udaberri txapelketako beste lau partida jokatuko dira. Lehen hirurak gomazko paletakoak izango dira emakumezkoen jubenil mailan. Intxurreko bi bikote elkarren aurka ariko dira lehenengoan eta ondoren Ataun eta Aiako bikoteen aurka ariko dira Intxurreko beste bi bikoteak. Jaialdia ixteko, eskuz binaka, kadeteen bigarren mailan Intxurre eta Behar Zana neurtuko dira.

Iragan asteko emaitzak errepasatze aldera, eskuz ari diren ordezkariei dagokienean, jokaturiko hiru partidak irabazi zituzten Intxurreko pilotariek. Kadeteen lehen mailan eta nagusien lehen eta bigarren mailetan, garaipenak lortu zituzten. Gomazko paletan, emakumezko jubeniletan, Intxurreko bi bikote elkarren aurka aritu ziren. Ormaetxeak eta Zhangek 30 eta 14 irabazi zieten Iturriotzi eta Belokiri. Intxurreko beste bi bikoteek ere galdu egin zuten.