Berriak
Atzealdea

Jada erosi daitezke Alegian kontsumoa sustatzeko bonoak

Udalak eta herriko hainbat saltokik eta negoziok elkarlanean sustaturiko kanpaina irailaren 30era bitartean luzatuko da

2020·07·20


COVID-19aren krisialdiak Alegiako merkataritzan eragin duen kaltea leuntzeko helburuarekin, Alegiako Udalak eta herriko hainbat saltokik eta negoziok elkarlanean herrian kontsumoa sustatzeko bono sistema bat jarri dute abian. Herritarrek 5 euroko bonoak erosteko aukera dute eta bost euro horiekin, hamar kontsumitu ahal izango dituzte beraiek aukeratzen duten saltoki edo negozioan. Ekimena irailaren 30era bitartean egongo da martxan.

Bonoak erosteko 18 urtetik gora izan beharko dira eta alegiarrek zein kanpokoek erosi ahal izango dituzte. Uztailean eta irailean kultur etxean erosi beharko dira 16:00etatik 20:00etarako ordutegian eta abuztuan kultur etxean 10:00etatik 13:00era. Bonoak erosterakoan zein saltokitan erabiltzeko den zehaztu beharko du kontsumitzaileak eta saltoki berean kontsumitzeko bi bono erosi ahal izango dira gehienez. Ekimenarekin bat egin duten saltoki edo negozioek beraien lokalen sarreran bonoak bertan erabili daitezkeela adierazten duen kartel bat dute eta bonoak erosterakoan ere kontsultatu ahal izango da.

Itxialdian zerbitzua eskainiz ahalegin berezia egin duten saltokiei eta egoerak hala behartuta itxita egon behar izan dutenei bultzadatxo bat emateko aukera eskaintzen du bonoen ekimenak. Aldi berean, herrian kontsumitzeak Alegia eta alegiarrei onura besterik ez diela ekartzen azpimarratu nahi da. Izan ere, zerbitzuz ondo hornituriko herri batek bertako jendea bertan kontsumitzera bultzatzen du eta horrek herriari bizia ematen dio. Udaletik eskerrak eman nahi zaizkie ekimenarekin bat egin duten merkatariei eta herritarrei bonoak erosteko gonbitea luzatzen zaie.