Berriak
Atzealdea

Jendetzak egin zuen bat larunbat goizaldean Korrika 21ekin Alegian

Ostiral gauean eta larunbat goizaldean giro ederra izan zen kaleetan

2019·04·15


Larunbat goizaldeko 5:20 inguruan iritsi zen Korrika 21 Alegiara. Herritar ugarik Amezketarako saihesbidearen sarreran egin zioten harrera lasterketari eta Ikaztegieta aldera jarraitu bitartean asko eta asko izan ziren euskararen aldeko lasterketan metro batzuk egin zituztenak.

Ostiral gauean zahagiardoan jende ugari elkartu zen eta gaueko erromerian eta ondorengo Dj saioan dantzan aritu ziren herritarrak, hotzari aurre eginez. Goizaldeko 5:00ak aldera hasi ziren parrandan zebiltzanak eta korrika egiteko ohetik jeiki berri zirenak nahasten eta furgonetaren argi eta musikak gero eta hurbilago sentitu ahala, zirrarak ere gora egin zuen. Udala, eskola, elkarte eta kolektibo ezberdinak izan ziren lekukoa eramateko ohorea izan zutenak. Jendetza iritsi zen Alegiara Korrikarekin batera eta jendetzak jarraitu zuen Ikaztegieta aldera ere.