Berriak
Atzealdea

Jubilatuak eta umeak protagonista jaietako azken aurreko egunean

Gaur gaueko Sara Zozayaren eta Nerabe taldeen kontzertuak eta biharko eguna geratzen zaie aurtengo jaiei

2019·07·15


Azken aurreko egunean murgilduta dira Alegiako jaiak. Gaurko protagonista nagusiak jubilatuak eta haurrak izan dira. Goizeko lehen orduan, jubilatuek mendi ibilaldiari hasiera eman diote. 11:00k alderako bueltan ziren eta hamaiketako ederra egiteko aukera izan dute. Jubilatuen lekukoa haurrek hartu dute. Jubilatuek utzitako lekua hartuz bazkaria egin dute eguerdian eta geroztik jardueraz beteriko arratsaldeaz gozatzen ari dira. Lehenik play-backa egin dute eta koreografia ederrak ikusi ahal izan dira. Ondoren zumba saioa izan dute eta orain gutxi amaitu da Gora kasete haur antzerkia. Hainbeste jardueretan xahututako indarrak berreskuratzeko txokolatea banatu zaien orain haurrei eta 19:00etan toka txapelketa izango da. 12-15 urte bitartekoen eta 16 urtetik gorakoen mailak banatuko dira. Iluntzean zahagiardoa izango da eta gauerako musika eskaintza interesgarria proposatzen da. Sara Zozaya eta Nerabe taldeak ariko dira plazan 23:00etatik aurrera. Zozayak bakarkako proiektua aurkeztuko du eta Nerabe Toki-on diskoaren aurkezpen biran iritsiko da Alegiara.

Bihar azken eguna

Bost eguneko egitarauari amaiera emango zaio biharkoarekin. Horrek ez du esan nahi ordea, egun tristea izango denik. Goizeko lehen ordutik hasita egunari zukua ateratzeko aukera izango dute alegiarrek. Goizeko 9:00etan Patxaranga txarangaren diana izango da eta ordu berean 3x3 saskibaloi txapelketari hasiera emango zaio eskolako patioan. Alebin, infantil eta kadete mailetako neska-mutilek hartu ahal izango dute parte. Eguerdian Sutarri dantza taldearen emanaldia izango da plazan eta ondoren Patxaranga txaranga ibiliko da kaleetan.

18:00etan umeentzat jolasak egingo dira eskolako patioan herriko gazteek antolatuta eta 19:30ean Alegiako musikari gazteez osaturiko Harresi taldearekin erromeria izango da plazan. Zahagiardorako etena egin ostean Harresi taldekoak itzuliko dira oholtzara eta gauerdian, Txintxarria erre eta jaiei agur esango diegu. Festa batzordetik herritarrak azken ekitaldi horretara txintxarriekin joatera animatzen dira. Hemen biharko egitaraua:

ASTEARTEA 16

09:00 Patxaranga txarangarekin DIANA.

09:00 3X3 SASKIBALOI TXAPELKETA eskolako patioan. Kadete, infantil eta alebin mailak.

12:30 SUTARRI dantza taldearen emanaldia plazan.

Ondoren Patxaranga txaranga kaleetan zehar

18:00 Umeentzat jokuak herriko gazteen eskutik, eskolako patioan

19:30 Harresi taldearekin erromeria

21:00 ZAHAGIARDOA plazan.

23:00 Harresi taldearekin erromeria

00:00 Txintxarria erre eta jaiak agurtuko ditugu.