Berriak

Atzealdea

Koba Tours txapelketa irabazita, denboraldi berriari ekiteko prest dira Intxurreko futbolariak

Gizonezko erregionalen, jubenilen eta kadeteen taldeak izango dira lehiari ekiten lehenak

2017·09·11


Intxurreko futbol taldeek denboraldi berri bati ekingo diote asteburuan. Gizonezkoen erregional, jubenil eta kadete mailetako taldeak lehen mailan ariko dira aurten eta lehen faseko ligaxkak jokatzen hasiko dira. Hiru taldeen kasuan, abendura bitartean luzatuko da lehen fase hori eta azken sailkapenean lortzen duten postuaren arabera, igoera fasea edo kopa jokatuko dute 2018ko urtarriletik aurrera. Lehen jardunaldiari begira, erregionalek eta kadeteek etxean jokatuko dute. Kadeteak izango dira goiztiarrenak, larunbatean 10:00etan Realaren aurka jokatuz. Erregionalek igandean 16:00etan Seguraren aurka jokatuko dute eta jubenilek egun berean 15:30ean Beasaini egingo diote bisita.

Koba Tours irabazita

Denboraldiaurreko prestaketa doitze aldera, Intxurrek Koba Tours txapelketan hartu zuen parte iragan asteburuan Seguran. Klub bakoitzeko lau taldek hartzen dute parte eta Intxurrek garaipena lortu zuen, jokaturiko lau partidetan bi garaipen eta berdinketa bat bilduta. Kadeteak eta jubenilak izan ziren garaipenak lortu zituztenak. Infantilek berdindu egin zuten eta erregionalek galdu. Intxurrek Aitzgorri taldeari eskerrak eman nahi dizkio txapelketan parte hartzeko aukera emateagatik.