Berriak
Atzealdea

Kultura batzordeak eskerrik beroenak eman nahi dizkie Herria Kantuan jaialdia posible egin zuten guztiei

Jaialdiaren balorazio positiboa egin dute ikusle kopuru handia azpimarratzearekin batera

2018·06·21


Alegiako Udaleko Kultura batzordeak ekainaren 9an egin zen Herria Kantuan jaialdiaren balorazio <<positiboa>> egin du. Balorazio hori egiterako orduan bi puntu hartu ditu oinarri modura. Batetik, parte hartzea zabala izan zela. Adin eta diziplina ezberdin ugaritako herritarrek hartu zuten jaialdian. Musikariak, abeslariak, bertsolariak, dantzariak… Horrek ikuskizun dinamiko bat egitea ahalbidetu zuen, estilo ezberdinak nahastuz.

Bestetik, publikoak emandako erantzun ona ere azpimarratu nahi izan du batzordeak. Eguraldi txarraren iragarpenagatik plazatik Elorri pilotalekura lekualdatu behar izan zen jaialdia baina hala ere, jendeak erantzun bikaina eman zion. Emanaldia hasterako pilotalekuko harmailak beteta zeuden.

Gauzak horrela, Kultura batzordeak eskerrak eman nahi dizkie Herria Kantuan jaialdiaren hirugarren ekitaldi horretan modu batera edo bestera parte hartu duten guztiei. Oholtzara atera zirenei, oholtzan gauzak hain ondo ateratzeko aurreko lanean lagundu dutenei eta egunean bertan antolakuntzan aritu zirenei. Denon artean lortu da horrelako jaialdi dotore bat aurrera ateratzea. Bide batez, gogorarazten da, Kultura batzordeko ateak zabalik daudela herritar guztientzat eta ideia edo proposamenen bat duenak, bertaratzea besterik ez duela.