Berriak
Atzealdea

Langaurre Egunean bazkaltzera joateko izena emateko epea zabalik maiatzaren 11ra bitartean

Aurten habia kutxak eraiki eta kokatzeko tailerra egingo da Langaurren bertan 11:30ean Aranzadiren eskutik

2018·05·02


Azken urteetan Alegiako Udaleko Kultura batzordeak Langaurre Eguna ospatzeko ohitura berreskuratu du. Aurtengorako maiatzaren 27a, igandea, da aukeratutako eguna eta antolakuntza aldetik, iazko formula bera errepikatuko da. Norberak bere bazkaria eraman beharko du aurten ere. Udalak mahaiak, aulkiak eta edaria jarriko ditu eta horretarako bazkaltzera igoko den pertsona kopurua ezagutzea ezinbestekoa da. Helburu horrekin, izena emateko epea zabaldu da datorren maiatzaren 11ra bitartean, ostirala. Iskiña, Hilario Berri eta Jubilatuen tabernetan eta kultur etxean dauden orrietan eman behar da izena. Zerrenda horietan bakarka edo taldeka eman daiteke izena eta taldeka ematen bada, taldeko kideen kopurua zehaztu beharko da.

Aurtengo ekitaldiari begira, ohiko egitarauari berrikuntza bat erantsi dio antolakuntzak. 11:30ean habia kutxak eraikitzen eta kokatzen ikasteko tailer bat eskainiko da Langaurren bertan Aranzadi zientzia elkartearen eskutik. Ikastaro horretan parte hartu nahi dutenek ere izena eman beharko dute maiatzaren 11a baino lehen, kultur etxean.

Bestetik, aurreko urteetan bezala, aurten ere jendea Langaurrera oinez igotzea bultzatu nahi da batzordetik. Hori ahalbidetzeko, Alegiako Mendi Asanbladak egunean bertan hitzordu bat jarri du goizeko 9:30ean Tontokalen, jendea elkarrekin igotzeko eta behin Langaurrera iritsita, 11:00etan hamaiketakoa eskainiko da. Oinez igotzeko asmoa dutenek, izena emateko orduan zehaztu beharko dute hori. Langaurrera igotzeko modu hau leheneste aldera, oinez igotzen direnei bazkaria igotzeko garraio zerbitzua eskainiko zaie, igoera modu erosoagoan egiteko. Horrela, eramateko asmoa duten ontzi edo antzeko gauza handiren bat eramateko arazorik ez dute izango, bazkariaz berdin-berdin gozatuz.

Azkenik, egunean bertan mahaiak deskargatzeko eta kargatzeko esku bat botatzea eskatzen zaie bertaratuko direnei. Horrela, denon laguntzarekin denbora gutxian guztia prestatu eta jasotzeko modua egingo baita. Langaurre Egunera joateko asmoa duenak beraz, badaki maiatzaren 11a baino lehen eman beharko duela izena. Eguraldi txarra egingo balu, festa bertan behera geratuko litzateke.

EGITARAUA

9:30ean: Tontokaletik oinez abiatu.

11:00etan: hamaiketakoa Langaurren.

11:30ean: habi kutxen ikastaroa Langaurren.

14:00etan: bazkaria Langaurren.