Berriak

Atzealdea

Lasori irabazita, Ezkurdiaren aurka jokatuko Iñaki Artolak final laurdenetako lehen partida

Altsasuko Burunda pilotalekuan neurtuko dira ostiralean, gaueko 22:00etan hasiko den jaialdian

2017·10·11


Iñaki Artolak lau t’erdiko final laurdenetako ligaxka jokatzeko txartela lortu zuen astelehenean. Unai Lasoren aurkako kanporaketa jokatu zuen Beotibarren eta 22 eta 18 irabazi zuen partida estu batean. Partidari hobeto ekin zion Lasok eta 8 eta 3 aurreratu zen. Lan erdietarako, Artolak lortu zuen markagailua orekatzea eta baita 15 eta 11 aurretik jartzea ere. Azken zatira abantailarekin iritsi zen alegiarra baina huts batzuk aurkariari apur bat hurbiltzeko aukera eman zioten, nahiz eta azkenerako Artolak 22ra iristea lortu zuen.

Gauzak horrela, final laurdenetako B multzoan dago orain Artola,   Altuna, Urrutikoetxea eta Ezkurdiarekin batera. Hain justu ere, azken horren aurka jokatuko du ligaxkako lehen partida ostiral honetan Altsasun. Ezkurdiak Mendizabal kanporatu zuen aurreko kanporaketan.

Intxurrekoak gaur

Intxurrekoek gaur jokatuko dituzte asteburuan Alegian jokatu beharreko partidak. 19:30ean Elorri pilotalekuan hasiko den jaialdian hiru partida jokatuko dira, Gipuzkoako txapelketakoak. Lehen biak gomazko paletako bigarren mailako jubenilenak izango dira. Jaialdiari hasiera emango dion partidan Intxurreko bi bikote neurtuko dira eta bigarrenean Hernani izango da Intxurreren aurkaria. Azken partida, eskuz binakako nagusien lehen mailakoa izango da eta Intxurrek Zazpi Iturriren aurka jokatuko du.