Berriak
Atzealdea

Maiatzaren 18ra bitartean aurkeztu litezke festetako kartel eta logotipo lehiaketako lanak

Kultur etxean aurkeztu beharko dira eta 12 urtetik gorako alegiarrek edo herriarekin lotura dutenek hartu dezakete parte

2018·04·26


Alegiako Udaleko Festa batzordea uztailean ospatuko diren herriko jaien prestaketa lanetan murgilduta dabil. Azken urteetan egin den moduan, aurten ere kartel eta logotipo lehiaketa antolatu da eta lanak aurkezteko epea zabalik da datorren maiatzaren 19ra, ostirala, bitartean. Ohi bezala, kartel irabazlea festetako egitarauaren azala izango da eta logotiporik onena berriz, festetako kamiseta eta bestelako argitalpenetan erabiliko da. Lehiaketan parte hartzeko baldintzen artean, 12 urtetik gorako edozein alegiarrek edo herriarekin loturaren bat duen edonork hartu ahal izango du parte. Aurkezten diren lan guztiek derrigorrez “Alegiako festak 2018” testua izan beharko dute jai horien ezaugarri, irudi edo lemaren bat ere izan beharko dute. Pertsona bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ahal izango ditu eta aurkezterakoan, gutunazal itxi batean egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta adina adierazi beharko dira. Kanpoan berriz, egilearen goitizena eta kartelerako edo logotiporako den zehaztu beharko da. Lanak Alegiako kultur etxean aurkeztu behar dira.

Zehaztapen teknikoen inguruan, kartelerako diren lanak A3 neurrian aurkeztu behar dira eta logotipoak 21x21 neurrian. Teknika librea izango da; hau da, eskuz, akuarelaz edo nahi den moduan egin litezke irudiak eta baita modu digitalean ere. Azken kasu honetan, JPG formatuan aurkeztu beharko da eta gutxienez 300 ppiko bereizmenarekin. Koloretan izan beharko dute, logoaren kasuan gehienez lau kolore eta beste inon aurkeztu gabeak.

Sarien inguruan, herritarrak izango dira bozka bidez irabazleak aukeratuko dituztenak. Maila bakoitzeko irabazleak 150 euroko diru saria izango du. Lehiaketaren oinarriak osorik Alegiako Udalaren webgunean kontsultatu daitezke. Informazio gehiagorako Alegiako kultur etxera jo edo 943 65 46 98 telefono zenbakira deitu behar da.