Berriak
Atzealdea

Maiatzaren 6an ospatuko da Alegiako V. Azoka Ekologikoa

10:00etatik 14:00etara postu ezberdin ugari ikusteko aukera izango da Beloztegiko baratze parkean

2018·04·25


Aurten ere, maiatzeko lehen igandearekin batera, hilak 6, azoka ekologikoa egingo da Alegian. Aurtengoa bosgarren ekitaldia izango du Beloztegi Herri Baratzak erabiltzaile elkarteak antolatzen duen azoka honek eta ohi bezala, 10:00etatik 14:00etara postu ugaritako produktuak ikusteko eta erosteko aukera izango da Beloztegiko baratze parkean.

Kimu Bat, Blasenea, Lurberry, Aldabazahar, Urtienean, Zurlan eta Aikur etxeen postuak izango dira besteren artean eta berauetan, lore, barazki, landare, fruitu txiki, gazta, ogia, esnekiak, artea, osasuna, dietetika, belarrak eta beste askotariko produktuak egongo dira ikusgai. Horrez gain, postu horietan gaiaren inguruan ezagutza gehiago nahi duenarentzat informazioa ere eskainiko da.

Horrekin batera, Aralar institutuko ikasleek pintxoak, postreak eta beste hainbat produktu eskainiko dituzte hamaiketakoa egiteko, ikas bidaiarako dirua ateratzeko helburuarekin eta diana Loatzo musika eskolako dultzaineroen kargu izango da. Horrenbestean, nekazaritza ekologikoaren inguruan interesa duen orok, hitzordua du maiatzaren 6an, igandea, Alegiako Beloztegi auzoko baratze parkean.