Berriak
Atzealdea

Nafarroako Erriberako bi abesbatzen kontzertua izango da larunbatean elizan

19:00etan lehenik meza abestuko dute eta 20:00etan kontzertua eskainiko dute

2018·04·18


Datorren larunbatean, apirilak 21, Nafarroako Erriberako bi abesbatzek emanaldia eskainiko dute Alegiako elizan. Ablitas herriko Schola Gregoriana Gaudium Nostrum eta Tiebasko abesbatzak izango dira bertan parte hartuko dutenak. Ablitaseko abesbatzak meza gregorianoa abestuko du lehenik 19:00etatik aurrera eta ondoren, bi abesbatzeko kontzertua eskainiko dute.

Gaudium abesbatza 1997an sortu zen eta Alegiako emanaldian zazpi obra sakratu eskainiko dituzte Javier Bartosen zuzendaritzapean. Giuseppe Tartini italiarraren “Stabat Mater”, Tomas Luis de Victoriaren “Popule meus” edota Nemesio Otaño jesuita azkoitiarrak egindako “Velum templi” azpimarratu daitezke.

Tiebaseko abesbatzak beste estilo batzuk landuko ditu. Hamalau emakumez osaturiko abesbatza hau duela sei urte sortu zen eta Myriam Elorzaren zuzendaritzapean, “Boga boga” eta “Xalbadorren heriotzean” bezalako euskal abestiak eta “Volver” bezalako klasikoak eskainiko dituzte. Emanaldiari amaiera emateko, bi abesbatzek elkarrekin “Agur Jaunak” eskainiko dute.

Txintxarri abesbatzak hainbat urte daramatza abesbatza horiekin harremanetan. Urrutira joan gabe, iragan martxoan alegiarrak Ablitasen izan ziren asteburu pasa, kontzertu bat emanez.