Berriak

Atzealdea

Ohiko herri giroa izango da nagusi asteburuan ospatuko diren Kalebeherako festetan

Bihartik igandera bitartean adin guztietako jendeari zuzendutako ekintzak izango dira

2017·09·14


Udaren amaieraren iragarle izaten dira Alegian Kalebeherako jaiak. Bada, asteburuan ospatuko dira herrian hain maitatuak diren festa horiek eta ohiko egitaraua mantenduz, giro bikaina izango da bihartik igandera bitartean. Bihar arratsaldeko 19:00etan hasiko dira jaiak, suziriekin eta buruhaundiekin. 20:00etan tradizio handia duen patata tortila lehiaketa egingo da eta parte hartzen duenak jada izango du zer afaldua ondorengo zahagiardoan. Gauean trikitixa izango da ohi bezala eta ziur ez dela dantzaririk faltako.

Larunbat eguerdian krosa izango da bezperako ajeari buelta emateko. Goizeko hitzordurako jaikitzen ez denak, arratsaldean ere izango du kirola egiteko aukera. 16:00etan pala txapelketako kanporaketak jokatuko dira eta ume jolasak, zinta karrera eta txokolatada ere izango dira. Iluntzean zahagiardoa egingo da eta ondoren bertso saioa izango da. Mikel Artola, Imanol Irazustabarrena, Odei Oiartzabal, Unai Mendizabal eta Iker Iriarte ariko dira kantuan. Bigarren eguna errematatzeko trikitixa izango da.

Igandean herriko dantzarien emanaldia izango da 12:00etan. Ondoren sona handia duen beste ekitaldi bat. Txakolina dastatzeko aukera izango da eta ohi bezala, sardina erreak jateko parada ere bai. Asetzen ez direnentzat, herri bazkaria egingo da ondoren eta 17:00etatik aurrera gaztetxoen esku pilota eta helduen pala txapelketako finalak jokatuko dira. Jaiei amaiera emateko, zahagiardoa egingo da.