Berriak
Atzealdea

Oporrak Bakean programan izena emateko epea zabalik martxoaren 31ra bitartean

Udan haur saharar bat etxean hartzeko hamabost familiaren beharra dago Tolosaldean

2018·03·15


Urtero bezala, Tolosaldeko Udalek eta hainbat elkartek elkarlanean Oporrak Bakean programa prestatu dute. Programa honek, udan haur sahararrak harreran hartzeko familiak aurkitzea du helburu eta aurten Tolosaldean hamabost familia behar dira. Saharar herriak azken 42 urteetan bizi duen ezohiko egoeraren erruz, Tindoufeko errfuxiatu kanpamentuetan baldintza makurretan bizi dira 120.000 lagun, tartean elikadura eta ur eskasia pairatuz. Oporrak Bakean egitasmoarekin 10 eta 12 urte bitarteko haur sahararrei udan Euskal Herrian bi hilabeteko egonaldia egiteko aukera eskaintzen zaie, harrera familia batean. Denbora tarte horretan bizi baldintza hobeak izaten dituzte eta Tindoufeko baldintza gogorren ondorioz izan ditzaketen osasun arazoak sendatzeaz gain, otordu orekatuak egiteko aukera izaten dute eta mediku azterketak ere egiten zaizkie. Horrez gain, basamortutik kanpo beste errealitate bat ere badagoela erakusten zaie.

Esan bezala, bi hilabeteko egonaldi horietarako harrera familiak aurkitzea du helburu egitasmo honek eta interesa duten familiek jada zabalik dute izena emateko epea. Martxoaren 31ra bitartean egongo da zabalik epe hori eta informazio gehiago nahi duenak, Alegiako Udaleko gizarte zerbitzuetara jo dezake edo 943 65 47 68 telefono zenbakira deitu. Horrekin lotuta, martxoaren 16an, ostirala, informazio puntu bat ezarriko da Tolosako kultur etxean 17:30etik 19:30era.