Berriak
Atzealdea

Ostiralean hasi eta abenduaren 20ra bitartean luzatuko da Udazkeneko Kultur Egitaraua

Katiuska taldearen “Zorion Hutsa” antzezlanarekin hasiko da ostiralean 22:00etan kultur etxean

2018·10·03


Alegiako Kultura batzordeak aurkeztu du Udazkeneko Egitarau Kulturala. Ostiral honetan, urriak 5, hasiko da eta hamahiru ekitaldiren ostean, abenduaren 20an amaituko da. Ohiko moduan, egitarau anitza prestatu da, gustu eta adin guztietako herritarrei zuzendua.

Ostiralean, Katiuska taldearen “Zorion Hutsa” antzezlana eskainiko da kultur etxean 22:00etan. Tolosatik datorren taldearen azken obra da Zorion Hutsa eta errealitatean oinarrituriko fantasia bat kontatzen da. Emanaldi horretarako sarrerak hiru euroan daude salgai kultur etxean bertan. Urriaren 8tik abenduaren 17ra Jostun txokoa izango da kultur etxean astelehenetan 17:00etatik 18:30era. Hilaren 16an berriz, lehen ipuin kontaketa saioa izango da liburutegian 17:00etatik aurrera. Ines Bengoa izango da kontalaria.

Urriaren 20an, larunbata, Txintxarri Eguna ospatuko da. 19:45en Txintxarri Txiki, Txintxarri eta Badalonatik (Katalunia) datorren Betulia abesbatzen kontzertua izango da elizan eta urria amaitzeko, hilaren 27an, Nordic Walking ikastaroa eskainiko da 9:00etatik 12:00etara. Izena emateko aukera kultur etxean duzue.

Azaroko lehen ekitaldia beste antzezlan bat izango da. Hilaren 9an, ostirala, Artedrama taldeak “Hozkailua” antzezlana eskainiko du Elizpe zinean 22:00etatik aurrera. Azaroaren 16an, antzerkiarekin jarraituz, Alu Ulu antzerki foroa izango da Arremanitz kooperatibaren eskutik 18:00etan kultur etxean.

Azaroaren 23an “Aralar, mundua leku den lurra” dokumentalaren proiekzioa izango da 22:00etan zinean. Garazi Auzmendi, Iban Toledo, Aloña Jauregi eta Ion Fontenlak egindako lanak kritika onak jaso ditu lehen emanaldietan. Azaroaren 25ean, igandea, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko da. 12:00etan kontzentrazio bat egingo da plazan eta ondoren bertso poteoa izango da. Azkenik, hilaren 29an, Baleube taldearen ipuin kontaketa izango da 17:00etan liburutegian.

Abenduan azken hiru ekitaldiak egingo dira. Hilaren 2an, igandea, Mendi Asanbladaren eskutik Aldabatik Santa Marinarako irteera egingo da. Abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatuko da eta hilaren 20an, osteguna, Baleube taldearen ipuin kontaketarekin amaituko da egitaraua. 17:00etan izango da liburutegian.