Berriak
Atzealdea

Parte hartze zabalarekin ospatuko da larunbatean Herria Kantuan jaialdiaren hirugarren ekitaldia

22:00etan hasiko den emanaldiaren aurretik txarangak eta zahagiardoak girotuko dute herria

2018·06·05


Sei urteren ostean, Herria Kantuan jaialdiaren hirugarren edizioa ospatuko da larunbatean. Funtsean, musikarekin eta kantuarekin lotura duten herritarrek prestatutako emanaldi bat da. Musikaren munduan ibilbide luzea dutenak, lehen urratsak ematen ari direnak, helduak, gazteak, taldeka, bakarka… Modu eta estilo anitzeko emanaldia izango da. Abeslariak, gitarjoleak, Loatzo musika eskolako ikasleak, dantzariak, bertsolariak… Asko izango dira oholtzatik pasako diren herritarrak.

22:00etan hasiko da jaialdiaren hirugarren ekitaldi hori baina aurretik ez da girorik faltako herrian. 20:00etan txaranga ibiliko da kalez kale eta 21:00etan zahagiardoa egingo da. Kultura batzordetik herritarrak festan murgiltzera animatu nahi dira, jaialdira hurbilduz eta zahagiardoan ere parte hartuz. Eguraldiak laguntzen badu, ekitaldi guztiak plazan egingo dira eta eguraldi txarra egiten badu, Elorri pilotalekuan egingo da.