Berriak

Atzealdea

Parte hartzeari eusteko helburuarekin hasiko da ostegunean Txintxarriak Martxanen bigarren denboraldia

Ekainaren 21era bitartean guztira hogeita hamar irteera egingo dira ostegun goizetan

2017·10·23


Lehen denboraldian jasotako erantzun onari eusteko helburuarekin, urriaren 26an emango zaio hasiera 2017-2018 ikastaroko Txintxarriak Martxan ekimenari. Gaur goizean Alegiako udaletxean egin den aurkezpen prentsaurrekoan Unai Iraola alkateak azpimarratu duen ideietako bat izan da hori, iazko erritmoari eusteko helburuarena. Prentsaurreko horretan izan dira Udalarekin batera, Alegiako Osasun Zentroko, Nagusilaneko, Jubilatuen elkarteko, Aralar institutuko eta elizako ordezariak.

Adineko pertsonak ariketa fisikoa egitera bultzatzea eta beraien arteko harremanak sustatzea helburu dituen ekimenak hogeita hamar irteera egingo ditu ekainaren 21era bitartean eta funtzionatzeko modua aurreko ekitaldikoaren berdina izango da. Hau da, ibilaldiak ostegunetan goizeko 10:30ean abiatuko dira plazatik eta ondoren hamaiketakoa egiteko aukera izango dute parte hartzaileek, herriko taberna ezberdinek eskainita.

Aurreko ekitaldian bezala, adin tarte ezberdineko pertsonek ibilbide ezberdinak egiteko aukera izango dute eta irteera bakoitzean talde eta elkarte ezberdinetako kideen laguntza izango dute parte hartzaileek. Aralar institutua, Jubilatuen elkartea, Nagusilan eta eliza dira laguntza eskainiko duten elkarte horiek. Ekimena Alegiako Udalak eta osasun zentroak elkarlanean antolatu dute bigarren denboraldi honetan ere eta Udalak eskerrak eman nahi dizkie ibilaldietan laguntza eskainiko duten elkarteei.

Iazko ibilaldietan parte hartu zutenei txartel berri bat emango zaie eta ez dute berriz ere izena ematen ibili beharko. Horrekin batera, orain arte ibilaldietan parte hartu ez dutenei parte hartzeko gonbitea luzatzen zaie eta izena emateko aukera urriaren 26an bertan izango dutela jakinarazten zaie.