Berriak
Atzealdea

Saharako errefuxiatuen kanpamentuetarako elikagai bilketa egingo da urtarrilaren 29tik otsailaren 2ra Alegian

San Juan ikastetxean, Aralar institutuan eta Udaleko gizarte zerbitzuetan utzi ahal izango dira produktuak

2018·01·23


Tolosaldea Sahararekin elkarteak antolatuta Saharara bidaltzeko elikagai bilketa bat egingo da eskualde mailan datozen egunetan. Urtero gauzatzen den ekimena da eta Alegian urtarrilaren 29tik otsailaren 2rako astean egingo da, astelehenetik ostiralera. Ohi bezala, herritarrek elikagaiak utzi ahal izateko puntu ezberdinak izango dituzte herrian zehar. Batetik, Alegiako bi ikastetxeetan utzi ahal izango dira elikagaiak. San Juan ikastetxeak eta Aralar institutuak ateak zabalik izango dituzte eskola ordutegian eta bilketarako identifikatutako puntuak izango dituzte. Horrekin batera, Alegiako Udaleko gizarte zerbitzuetako bulegoan ere utzi ahal izango dira, udaletxeko eraikineko beheko solairuan, 9:00etatik 13:00erako ordutegian.

Alegiako Udalak herritarrak ekimen horretan parte hartzera animatu nahi ditu eta aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkie.