Berriak

Atzealdea

Sexu erasoen aurkako protokoloa garatzen jarraitzeko saio ireki bat egingo da urriaren 19an

18:00etatik 20:00etara izango da kultur etxean eta Kattalin Minerrek gidatuko du

2016·02·05


Alegiako Udalak sexu erasoen aurkako protokolo bat prestatu zuen Alegiako jaien atarian. Protokolo horren helburua prebentzioaren bidez mota horretako erasoak ekiditea da eta gertatuko balitz, erasoaren aurrean eman beharreko erantzuna modu koordinatuan emateko neurriak prest izatea.

Protokolo horren prestaketan hainbat taldek, eragilek eta norbanakok hartu zuen parte. Festen atarian “Ez ezetz da!” kanpaina aurkeztu zen eta jaietarako pegatinak prestatzeaz gain, gauetan jendeari etxera laguntzeko hitzorduak jarri ziren. Hitzordu horien ardura izango zuten taldeak ere osatu ziren.

Bada, berdintasunean oinarritutako Alegia bat sortzen jarraitzeko bide horretan, eman beharreko hurrengo pausoak zehaztea tokatzen da. Nola ikusten dugu Alegia genero ikuspegitik? Berdintasunak, indarkeria sexistak, nola eragiten digu? Zein da gure herriaren egoera, eta nolako herria nahi dugu?

Honetaz guztiaz herritik eta herriarentzat eztabaidatu, sortu eta bideak irekitzeko proposamena eta gazte zein heldu, gizon, emakume zein beste eragile sozial, talde zein norbanakoei zuzendutako prozesua da hau. Alegia feminista bat eraikitzen jarraitzeko, urriaren 19an, ostirala, aipatu puntu horien inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko saio ireki bat egingo da 18:00etatik 20:00etara kultur etxean, Kattalin Minerrek gidatuta.