Berriak
Atzealdea

Teresa Agirrezabalak senide eta gertukoekin ospatu du bere 100. urtebetzea

Lazkaoko Txindoki egoitzan bizi da egun eta bertan egin zen hain urtemuga seinalatuaren ospakizuna

2018·01·03


Teresa Agirrezabalak 100 urte bete zituen urtarrilaren 1ean. Urtemuga hain seinalatua behar den bezala ospatzeko, senideek eta hurbilekoek ospakizun berezi bat egin zuten atzo arratsaldean Lazkaoko Txindoki egoitzan, Teresa egun bizi den lekuan. Seme-alabak, senideak, gertukoak eta egoitzan bizilagun dituenak eta bertako langileak ere izan ziren festan. Teresa 1918ko urtarrilean jaio zen Bedaion baina bere bizitzako urterik gehienak Alegian eman ditu.

Egoitzako langileek eman zioten hasiera ekitaldiari eta Teresaren bizitzaren errepasoa egin zuten. Gazterik alargundu eta bost seme-alabarekin aurrera egiteko izan duen adorea eta Alegian egin duen lan ordainezina azpimarratu zuten. Ondoren, Teresaren birbilobek bi abesti eskaini zituzten gitarra eta tronpetarekin, Teresarekin harreman estua izan zuten herritar batzuk kantuan lagunduta. Ondoren, senideen, egoitzako bizilagun eta langileen eta Alegiako Udalaren opariak etorri ziren. Unai Iraola alkatea eta Agurtzane Lopetegi gizarte langilea izan ziren Udalaren eta herritarren izenean, hain egun seinalatuan Teresari opari bat eman ziotenak. Urtebetetze festa gehienetan bezala, tarta janez eta giro ederrean eman zitzaion amaiera ekitaldiari.

Lerro hauetatik, Alegiako Udalak Teresa Agirrezabala zoriondu eta urte askoan zehar herriaren egindako lanagatik eskerrak eman nahi dizkio. Zorionak Teresa!!