Berriak
Atzealdea

Txintxarri Egunaren hogeigarren ekitaldia ospatuko da larunbatean

Txintxarri eta Txintxarri Txiki abesbatzek kontzertua eskainiko dute 19:45ean elizan hainbat musikariren laguntzarekin

2017·10·17


1998an lehen ekitaldia egin zenetik, urtero hutsik egin gabe antolatu den hitzordua izan da Txintxarri Eguna. Aurtengoa hogeigarren ekitaldia izango da eta datorren larunbatean, urriak 21, ospatuko da. Ohi bezala, Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzek kantuan ospatuko duten eguna eta 19:45ean elizan kontzertu bat eskainiko dute. Abesbatzekin batera txalapartariek eta kitarjole batek ere hartuko dute parte emanaldian.

Hain zuzen ere, txalapartariak izango dira kontzertuari hasiera emango diotenak. Hernaniko Asier Ansa eta Irati Garciak Agurra eskainiko dute. Ondoren Txintxarri Txiki abesbatzaren txanda izango da eta lau kantu eskainiko dituzte Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean. Ozeaniako “Sesere eeye”, Kevin Stannarden “Non dira?”, Josu Elberdinen “Alami (sea dance)” eta Jim Papaoulisen “Kusimama”.

Gazteen eta helduen abesbatzaren arteko zubi gisa, Iosune Marin kitarjoleak Eduardo Martinen “Mirándote” obra eskainiko du.

Jarraian, Txintxarri abesbatzako kideen txanda izango da. Marin kitarjolearekin Pablo Sorozabalen “Baialdakizu maite?” kantuarekin hasiko dute emanaldia eta ondoren beste bost kantu eskainiko dituzte. Sorozabalen “Euskaldun makilla”, Mikel Errazkinen “Lehenengo geltokian”, “Goza mi calipso” doinu venezuelarra eta Ken Zazpiren “Itsasoa gara”. Azken abestia Josu Elberdinen “Iaute iaute” izango da eta txalapartarien laguntza izango dute. Garbiñe Orbegozo izango da zuzendaria eta Mariaje Rekondo ariko da pianoan.

Argazkia: T. Gomez