Berriak

Atzealdea

Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzek kontzertu bat eskainiko dute igandean Ikaztegietan

Emanaldia 12:00etan hasiko da elizan eta erretirodunen egunaren baitako ekitaldietako bat izango da

2017·11·17


Alegiako Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzek kontzertu bat eskainiko dute igandean, azaroak 19, Ikaztegietako elizan. Bertan ospatzen den erretirodunen egunaren bueltan antolatu dituzten ekitaldien barruan sartzen da emanaldia eta 12:00etan hasiko da elizan.

Txintxarri Txikikoek emango diote hasiera kontzertuari. Jatorri anitzeko sortzaileek egindako lau kantu eskainiko dituzte. Ozeaniako abesti bat, jatorri britaniarra duen beste bat, Iosu Elberdin kantugile gipuzkoarraren kantu bat eta Amerika aldetik datorren beste bat entzun ahal izango dira.

Ondoren nagusien txanda izango da. Euskal kantutegiko abestiak izango dira nagusiki Txintxarri abesbatzaren emanaldian baina Venezuela aldeko doinuek ere izango dute lekua. Bi abesbatzak Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean ariko dira eta Mariaje Rekondo izango dute lagun pianoan.

Argazkia: T. Gomez.