Berriak

Atzealdea

Udaberri txapelketa jokatzen hasiko dira Intxurreko pilotariak asteburuan

Eskuz sei bikote eta gomazko paletan lau ariko dira lehen faseko ligaxketan

2018·01·09


Intxurreko pilotarientzat txapelketa berri bat ekarriko du 2018ak. Udaberri txapelketako lehen partidak jokatuko dira asteburuan eta Intxurrek guztira hamar bikote izango ditu lehian. Horietatik sei eskuz binaka ariko dira eta gizonezkoenak izango dira. Kadeteen lehen eta bigarren mailetan bikote bana ariko da eta nagusien bi mailetan, bina izango dira Intxurreko bikoteak. Gomazko paletan, emakumezkoen jubenil mailan, lau ordezkari izango ditu Intxurrek. Asteburuan lehen ligaxkak hasiko dira eta martxoko lehen bi asteetan amaituko dira.

Ostiralean lau partidaz osaturiko jaialdia jokatuko da Elorri pilotalekuan 18:30ean hasita. Alebin mailako bi partida izango dira lehenik. Oiarpe eta Azkoitia izango dira Intxurrekoen aurkariak. Udaberri txapelketari dagozkion partidak etorriko dira ondoren. Kadeteen lehen mailan Intxurre Lazkaoko bikotearen aurka ariko da. Bukatzeko, gomazko paletan, emakumezko jubeniletan, Intxurreko bi bikote ariko dira elkarren aurka.