Berriak
Atzealdea

Artolak eta Mariezkurrenak Elezkanoren eta Rezustaren aurka jokatuko dute larunbatean Iruñeko Labriten

Sailkapeneko laugarren postua indartu zuten iragan astean Bengoetxeari eta Imazi 22 eta 11 irabazita

2019·01·16


Iñaki Artolak eta Jon Mariezkurrenak indartsu ekin diote binakako pilota txapelketako bigarren itzuliari. Bengoetxearen eta Imazen aurkako partida garrantzitsua jokatu zuten iragan ostiralean Getarian eta 22 eta 11 irabazi zuten. Garaipen horrekin bi puntuko tartea zabaldu dute sailkapenean atzetik duten bikotearekiko. Alegiarra eta berriozartarra laugarrenak dira, finalerdietarako sailkapena ematen duten postuetako batean, eta postu horietatik kanpo dagoen lehen bikotea bi puntura dute. Sailkapeneko lehen postuan sei punturekin dauden Elezkanoren eta Rezustaren aurka ariko dira larunbat arratsaldean Iruñeko Labriten. Artolak eta Mariezkurrenak irabazten badute liderrekin berdinduta geratuko dira.

Udaberri eta EHko Kluben arteko txapelketak

Intxurreko bi bikote Euskal Herriko Kluben arteko txapelketan ari dira. Gomazko paletan, emakumezko kadeteetan, Intxurrek Ataunen aurkakoa izango du larunbatean 16:00etan Ataunen. Eskuz binaka, gizonezkoen nagusien ohorezko mailako bikoteak atsedena izango du. Udaberri txapelketan berriz, bigarren jardunaldiko partidak jokatuko dira bihar eta etzi. Bihar 19:00etan bi partida ikusi ahal izango dira Elorri pilotalekuan. Eskuz binaka, jubenil gizonezkoen lehen mailan, Intxurre eta Oiarpe neurtuko dira. Gomazko paletan berriz, emakumezko jubeniletan, Intxurreko bi bikote neurtuko dira ligaxkako lehen jardunaldian.

Ostiralean lau izango dira 18:30etik aurrera jokatuko diren partidak. Lehena infantilena izango da eta Intxurre eta Hernani neurtuko dira. Kadeteen bigarren mailan Lazkao izango da Intxurreren aurkaria eta lehen mailan Intxurrek Tolosaren aurka jokatuko du. Azkenik, nagusien bigarren mailan, Aloña Mendiko bikoteari egin beharko dio aurre Intxurrek.