Berriak
Atzealdea

Uztailaren 12tik 16ra ospatuko dira Alegiako jaiak

Udal gobernu berriko kideek botako duten txupinazoarekin emango zaie hasiera

2019·07·05


Bost egunez luzatuko dira 2019ko Alegiako jaiak. Uztailaren 12an, ostirala, hasiko dira eta hilaren 16an, asteartea, emango zaie bukaera. Bost egun horiei begira, Festa batzordeak egitarau zabal eta anitza prestatu du, adin guztietako alegiarrei eta kanpotik bisitan etorriko direnei zuzendua. Uztailaren 12an 19:00etan emango zaie hasiera jaiei eta duela aste gutxi kargua hartu berri duen Udal gobernu berriko kideek izango dute txupinazoa botatzeko aukera. Afal osteko bertso saioa eta Niña Coyote eta Chica Tornado eta Ze Esatek! taldeen kontzertuak izango dira lehen eguneko beste hitzordu nagusiak.

Larunbat eguerdiak jaietako beste hitzordu klasikoetako bat ekarriko du. Sagardo dastaketa egingo da plazan sardina eta txorizo errearekin. Arratsaldeak bi kirol hitzordu izango ditu. Goitibehera jaitsiera izango da 15:00etan eta 18:00etan pilota jaialdia. Alegiako pilota txapelketa finalak lehenik, emakumezkoen pala eta gizonezkoen eskuzko mailetan eta ondoren, gizonezkoen profesional mailako eskuz binakako partida. Artola alegiarrak Urretabizkaiarekin osatuko du bikotea Bengoetxearen eta Erasunen aurka jokatzeko. Gau partean Deabru Beltzak taldearen Les tambor de feu kale emanaldia eta Josu Rodriguez DJaren saioa izango dira.

Igandean goizez eta arratsaldez etxeko txikienek haur parkeaz gozatzeko aukera izango dute eskolako patioan. Eguerdian Aire Ahizpen emanaldia izango da plazan. Arratsaldean Alegiara jende asko erakartzen duen hitzordua izango da Larraitz auzoko plazan. Harrijasotzaileen XIII. Txintxarri Saria jokatuko da, aldi berean harri txikien Euskadiko txapelketa izango dena. Gizonezko sei parte hartzaile izango dira eta Idoia Etxeberria eta Karmele Gisasolak harri ezberdinekin saio bat egingo dute. Iluntzean Tio Teronen Semeak taldeak Festamentua emanaldia eskainiko du.

Astelehen goiza jubilatuena izango da. Urteroko mendi ibilaldia eta hamaiketakoa izango dituzte. Eguerdian gaztetxoek hartuko diete erreleboa. Umeen bazkari herrikoia, playbacka, zumba saioa eta Gora kasete haur antzerkia izango dira plazan. Gauean Sara Zozaya eta Nerabe taldeen kontzertuak izango dira plazan.

Azken egunean 3x3 saskibaloi txapelketa jokatuko da goizean eta eguerdian Sutarri dantza taldeak emanaldia eskainiko du plazan. Arratsaldean eta gauean musikari gazte alegiarrez osaturiko Harresi taldearen emanaldia izango da plazan eta gauerdian Txintxarria erretzearekin batera amaituko dira jaiak.

Egitaraua azpiko loturan deskargatu dezakezue edo webgune honetako Agenda atalean kontsultatu daiteke, lotura honetan.

Bibalabirjen jaiak

Gaztetxeko kideek antolaturiko Bibalabirjen jaiek ere ez dute hutsik egingo aurtengoan. Uztailaren 10etik 14ra ospatuko dira, asteazkenetik igandera. Ohi bezala, asteazkeneko sagardo dastaketarekin indarrean hasi eta ostirala izango da beste egun handia, mozorro eguna, bazkaria, batukada eta bste hainbat ekintzarekin. Musika eskaintza interesgarria izango dute aurten ere jaiek. Ostegunean Unidad Alavesa taldea ariko da, ostiralean reggae gaua izango da Ziribulio Sound, Stepi Selektah eta Bassgain Sound Sistemarekin eta larunbatean Desegin, Herenegun eta Basati taldeak igoko dira Bulebarreko oholtzara.

PDF
3,6 MB
2019·07·06 Egitaraua
Uztailaren 12tik 16ra ospatuko diren Alegiako festen egitaraua.