Berriak

Atzealdea

Uztailaren 13tik 16ra bitartean ospatuko dira Alegiako jaiak

Mari Tere Munduate eta Sagrario Aranburu herritarrek botako dute jaien hasierako txupinazoa

2018·07·07


Ate joka dira aurtengo Alegiako jaiak. Uztailaren 13tik 16ra bitartean luzatuko dira eta ohiko egitarauari berrikuntza batzuk erantsi dizkio Festa batzordeak. Egitaraua aletzen hasita, ostiral arratsaldean lehertuko da festa. Haurren Santos futbol txapelketako finala jokatuko da 17:00etan eta jarraian kartel lehiaketan parte hartu duten marrazkien erakusketa jarriko da udaletxeko arkupetan. 18:30ean kalejira egingo da Ordiziako erraldoi eta buruhandiekin, trikitilari eta dultzaineroekin Larraitz auzotik plazara. 19:00etan jaien hasiera iragarriko duen txupinazioa botako da eta aurten Mari Tere Munduate eta Sagrario Aranburu herritarrek piztuko dute. Urte askoan kudeatu duten janari denda uztera doaz eta egindako lanaren errekonozimendu modura piztuko dute suziria. Txupinazoaren ordu berean “Euskal preso eta iheslariak etxera” lemapean kontzentrazio bat egingo da. 20:00etan Bartzelonako Castellers de Vilafranca taldearen emanaldia izango da plazan. Bartzelonako Vilafranca del Penedes herritik datorren Castellers de Vilafranca taldeak emanaldi bat eskainiko du. 1948an sortutako taldea da eta mila lagun baino gehiagok osatzen dute. 2002az geroztik Tarragonan bi urtez behin jokatzen den giza dorreen txapelketa sonatuaren ekitaldi guztiak irabazi ditu talde horrek eta atzerrian ere askotan ibili dira, Kataluniako enbaxadore modura.
1973an Parisen izan zirenetik, Londres, Erroma, Txile, Mumbai, New York eta Shangai dira, besteren artean, bisitatu dituzten lekuak eta Euskal Herrian ere hainbatetan izan dira, Donostian, Elorrion eta Zumarragan, kasu.
Ikuskizunak, gainera, erronka bat ere badakar bere baitan. Izan ere, Euskal Herrian orain arte ez da bederatzi pisuko giza dorrerik egin eta Castellers de Vilafranca taldeak lehen aldiz egingo du hori Alegian.

Zahagiardoaren ostean bertsolariak izango dira Elizpe zinean. Sustrai Colina, Amets Arzallus, Iker Zubeldia, Uxue Alberdi eta Beñat Iguaran ariko dira kantuan, Mikel Artolak jarritako gaien bueltan. Lehen eguna amaitzeko, Skasti eta Bad Sound taldeen kontzertuak izango dira plazan.

Larunbateko dianaren ostean, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 18:30etara haur parkea izango da eskolako patioan. Eguerdian sagardoa dastatzeko aukera izango da txorizo eta sardina erreekin. Eguzkitza, Sarasola, Isastegi, Zalbide, Aburuza eta Zabala sagardotegietako sagardoa izango da eta Irma Karrera eta Jokin Tolosa trikitilariek alaituko dute giroa. 15:00etan III. Goitibehera Jaitsiera jokatuko da eta 18:00etan pilota jaialdia izango da Elorri pilotalekuan. Lehenik, kadete eta afizionatuen mailetan, Alegiako txapelketako finalak jokatuko dira eta ondoren profesionalen txanda izango da. Iñaki Artola alegiarrak Urretabizkaiarekin osatuko du bikotea Lasoren eta Erasunen aurka jokatzeko. Gauean, Psycho Clown kale ikuskizun ibiltaria izango da eta gauerditik aurrera DJ Josu Rodriguezen saioa plazan.

Igandean herriko txistulari ohien kalejira bereziak esnatuko du herria. Eguerdian leiho eta balkoi dotoreenaren lehiaketako sari banaketa egingo da eta 12:30ean Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzen alarde berezia izango da plazan. Ekitaldi horretan, herriko txistulariei eskertza ere egingo zaie. Arratsaldean ume jolasak egingo dituzte Gaztelekuko kideek antolatuta eta 18:30ean harrijasotzaileen XIII. Txintxarri Saria jokatuko da Larraitz auzoko plazan. Gipuzkoako harri txikien txapelketa ere izango da eta sei parte hartzaile izango dira: Aimar irigoien, Izeta IV, Urra, Goikoetxe, Peña eta Xabat Olaizola. Jaialdi berean, Idoia Etxeberria eta Karmele Gisasola harri jasotzailea ere ariko dira harri ezberdinekin. 19:30ean Tio Teronen semeak taldeak Freshcool ikuskizuna eskainiko du da eta gauean Sutarri dantza taldearen ikuskizuna eta Joxe Mendizabalekin erromeria.

Astelehenean, azken eguna, jubilatuak eta haurrak izango dira protagonistak. 9:00etan jubilatuen mendi ibilaldia eta gaztetxoen 3x3 saskibaloi txapelketa jokatuko dira. 12:00etan jubilatuen hamaiketakoa izango da eta eguerdian umeen bazkaria egingo da plazan. Bazkalostean, playbacka, zumba saioa, Sardina Freskue! haur antzerkia eta txokolatea izango dira haurrentzat. 18:30ean herritarren arteko toka txapelketa jokatuko da eta 19:30ean Fan&Go taldearekin dantzaldia izango da. Dantzaldiak afalostean jarraipena izango du eta gauerdian Txintxarria erre eta jaiei amaiera emango zaie.

Festetako egitaraua osorik webgune honetako agenda atalean duzue eskura.

Bulebarrean asteazkenetik igandera

Ohi bezala, bulebarrean ere izango da festa. Gazteek asteazkenetik igandera bitarteko egitaraua prestatu dute. Asteazkenean sagardo dastaketa eta erromeriarekin hasiko dira festak eta ostirala izango da egunik beteena, mozorro eguna ere izango dena. Bazkaria, bakarlaria, poteoa jolasekin, reggae kontzertuak, elektrotxaranga eta After Birjen festa izango dira. Ostegunean eta larunbatean zuzeneko musika gehiago izango da bulebarrean eta igandean herriko bertsolarien saioak emango die amaiera festei.