Berriak

Atzealdea

Uztailaren 13tik 16ra ospatuko dira Alegiako festak

Lau egunez ohiko ekitaldiez eta hainbat berrikuntzez gozatzeko aukera izango da

2016·07·07


Uztailaren 13an hasiko dira Alegiako jaiak. Aurtengorako lau eguneko egitaraua antolatu du Festa batzordeak eta egitarauan klasiko diren ekitaldiekin batera, hainbat berrikuntza izango dira. Festetako hasiera iragartzen duen suziria botatzeko ohorea herritar seinalatuek izaten dute eta aurten, duela 50 urte herriko lehen ikastola sortu zuten pertsonek piztuko dute suziri hori. Horrekin batera, egitarauko ohiko ekitaldien artean aipatu behar dira ostiraleko jubilatuen mendi martxa eta hamaiketakoa eta haurren playbacka. Egun horretako ohiko rock kontzertuan Hesian talde nafarra eta Passepartout taldeak ariko dira aurten. Larunbat eguerdiko sagardo dastaketak ere zona handia du eta baita igande arratsaldean jokatzen den harrijasotzaileen Txintxarri Sariak.

Berrikuntzen alorrean, larunbatean Erramun Martikorenak Txintxarri abesbatzarekin eskainiko duen kontzertua eta iaz lehen aldiz egin zen eta aurten errepikatuko den goitibehera jaitsiera azpimarratu daitezke, besteren artean. Egitaraua osorik duzue azpian. Bestelakoan, egitaraua kontsultatzeko webgune honetako agenda atalera jo dezakezue edo azpiko loturan pdf formatuan deskargatu daiteke.

Bibalabirjen jaiak asteazkenetik igandera

Urtero bezala, Bulebarra izango da herriko beste festa gune nagusia. Gaztetxeak antolatuta Bibalabirjen jaiak egingo dira asteazkenetik igandera. Lehen egunean ohiko sagardo dastaketa eta erromeria izango dira. Ostegunean, partxis eta ping-pong txapelketak jokatuko dira arratsaldean eta “Mojito gaua” bezala izendatu dutenean Odolaren mintzoa eta Zaparra taldeak ariko dira zuzenean. Ostirala izango da egun nagusia. Bertso poteoa, bazkaria  eta txaranga izango dira egunez eta Dj ugarirekin gau elektronikoa izango da Bulebarrean. Larunbatean gauean TPR, Desira eta Guri 5 taldeen kontzertuak izango dira eta igandean, mus txapelketa, Lorratzak taldearen kontzertua eta urteroko herriko bertsolarien saioa izango dira jaiak amaitzeko.

 
PDF
3,3 MB
2017·07·07 Egitaraua
2017ko uztailaren 13tik 16ra ospatuko diren Alegiako jaietako egitaraua.