Berriak

Atzealdea

Uztailaren 17an hasiko dira Larraitz Auzoko Mendebaldea Eraberritzeko eta Hiritartzeko lanak

Auzotarrek erabakitako norabidean gauzatuko dira lanak eta urtebeteko epean amaitzea aurreikusten da

2017·07·06


Larraitz Auzoko Mendebaldea Eraberritzeko eta Hiritartzeko lanek badute hasiera eguna. Uztailaren 17an, astelehena, ekingo zaie lanei eta Udalaren aurreikuspenen arabera, urtebeteko epean amaituta izango dira.

Auzoko bizilagunak beraiek izan dira auzoaren etorkizuna nolakoa izango den aukeratu dutenak. Parte hartze prozesu batean, auzoari ikusten zizkioten gabeziak eta etorkizunean auzoak izan behar zuen itxuraren berri emateko aukera izan zuten herritarrek. Udalak horiek guztiak bildu eta proiektuaren arduradun teknikoei helarazi zizkien. Bi proposamen diseinatu ziren eta auzotarrek bozka bidez aparkalekuak lehenesten zituen aukera hobetsi zuten.

Gauzak horrela, auzoaren eraberritze oso bat egingo da. Alde batetik, aparkalekuen berrantolaketa bat egingo aparkalekuak ezartzeko dagoen espazioa ahalik eta modurik eraginkorrenean aprobetxatzeko helburuarekin. Bestetik, irisgarritasunaren alorrean ere hobekuntzak egingo dira. Lurzorua plataforma bakarrean jarriko da eta gaur egun dauden koska eta irisgarritasunarekin lotura duten bestelako oztopoak ezabatuko dira. Horrekin batera, auzoko azpiegitura guztiak ere berritu egingo dira. Horien artean nabarmentzekoak dira ur zikinen saneamendua eta argiteria.

Lanek irauten duten bitartean, lanen gauzatzeak sortu ditzakeen hainbat eragozpenen aurrean, bizilagunei ulermena eskatu nahi die Udalak.