Berriak
Atzealdea

Hasi dira Alegiako jaiak!

Udal gobernu berriko kideek botatako txupinazoak eman die hasiera bost egunez luzatuko diren festei

2019·07·12


Udal gobernu berriko kideak udaletxeko balkoian zirela eman zaie hasiera aurtengo Alegiako jaiei. 19:00etarako plaza jendez beteta zegoen eta ordurako iritsiak ziren plazara kalejiran parte hartu duten Billabonako erraldoiak eta buruhandiak, Loatzo musika eskolako musikariak eta Giroarte dultzaina taldeko kideak ere. Txupinazoa bota eta Txintxarria udaletxeko balkoira jaitsitakoan hasi dira ofizialki jaiak.

Lehen egunari geratzen zaionari begira, zahagiardoa egingo da zubian eta 22:30ean bertsolariak izango dira Elizpe zinean. Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Eli Pagola, Maddalen Arzallus eta Imanol Irazustabarrena ariko dira kantuan Imanol Artola “Felix”ek jarritako gaien inguruan. Gauerdian kontzertua izango da plazan. Niña Coyote eta Chico Tornado rock biko indartsuak Aitzstar bere azken lana aurkeztuko du plazan eta ondoren Ze Esatek! taldearen txanda izango da. Azken horiek bere agurreko biran iritsiko dira Alegiara.

Asteburu bete-betean

Biharko bigarren egunarekin asteburuan sartuko dira Alegiako jaiak. Bihar Giroarte dultzaina taldearen dianak esnatuko du herria. Eguerdian jaietako hitzordurik jendetsuenetako bat ospatuko da plazan. Sagardo dastaketa sardina eta txorizo errearekin. Eguzkitza, Sarasola, Isastegi, Zalbide eta Aulia sagardotegietako sagardoa izango da dastagai eta Udal langileek erretako sardinek eta txorizoak ere ziur sekulako estimua izango dutela, urtero gertatzen den moduan. Arratsaldeko 15:00etan Alegiako IV. Goitibehera jaitsiera jokatuko da Galarretako bidean behera. Ohi bezala, ekitaldi ikusgarria suertatuko da. 18:00etan pilota jaialdia izango da Elorri pilotalekuan. Guztira hiru partida jokatuko dira. Lehen biak Alegiako IX. Pilota Txapelketako finalei dagozkienak izango dira. Emakumezkoak palan ariko dira  Garmendiak eta Mendizabalek Irazustabarrenaren eta Erasunen aurkakoa izango dute. Ondoren txapelketa bereko gizonezkoen eskuz binakako finala jokatuko da jubenil mailan. Altuna eta Etxeberria Senarren eta Zalakainen aurka ariko dira. Jaialdiko hirugarrenean pilotari profesionalak ariko dira. Iñaki Artola herritarra eta Oinatz Bengoetxea ziren aurreko koadroetan aritzekoak baina ez bata ez bestea ez dira izango. Artolak eskua minduta du eta Bengoetxeak igandean San fermin torneoko finala jokatuko du. Horrenbestean, Aimar Olaizola eta Urretabizkaia Arteagaren eta Erasunen aurka ariko dira.

Larraitz auzoan egingo den zahagiardoaren ostean, Deabru Beltzak taldeak “Les tambour de feu” kale ikuskizuna eskainiko du eta gauerditik aurrera Josu Rodriguez Djaren saioa izango da plazan. Biharko egitaraua:

LARUNBATA 13

09:00 Giroarte dultzaina taldeak alaituriko DIANA.

12:00 SAGARDO DASTAKETA sardina eta txorizo erreekin.

                SAGARDOTEGIAK: Eguzkitza, Sarasola, Isastegi, Zalbide eta Aulia.

                Irma Karrera eta Jokin Tolosa trikitilariek alaiturik.

15:00 Alegiako IV. Goitibehera jaitsiera Napar-Etxeberritik behera.

18:00 PILOTA PARTIDAK .

Alegiako IX. Pilota txapelketako finalak.

Neskak palaz eta mutilak eskuz binaka.

Profesionalak: Olaizola-Urretabizkaia

                            Arteaga-Erasun

21:00 ZAHAGIARDOA LARRAITZ AUZOAN.

23:00 DEABRU BELTZAK  taldearen “Les tambour de feu” emanaldia kaleetan zehar.

00:00 DJ Josu Rodriguez.

 

Bibalabirjen jaien egun handia gaur

Gazteak indarrean dabiltza eguerdiaz geroztik. Frontenis txapelketa mistoko finalen ostean bazkaria egin dute eta gaurkoan mozorro eguna denez, mozorrotuta dabiltza asko eta asko. Bazkalostean jolasak egin dituzte bulebarrean eta arratsaldean herriko batukadarekin ibili dira.  Gau parterako reggae musika izango da Bulebarrean. Ziribulio Sound, Stepi Selektah eta Bassgain Sound Sistema izango dira. Biharkoari begira, musika eskaintzak jarraipena izango du Herenegun eta Basati taldeen kontzertuekin.