Berriak

Atzealdea

Intxurreko gorengoen mailako partida soilik jokatuko da asteburuan Elorri futbol zelaian

Iragan asteburuan Aralar Intxurreko infantilek lortu zuten Intxurrekoen garaipen bakarra

2017·02·01


Iragan asteburuko emaitzak hobetzen ahaleginduko dira asteburu honetan Intxurreko futbolariak. Lau partida jokatu zituzten eta garaipen bakarra lortu zuten. Aralar Intxurreko infantilek 2 eta 0 irabazi zioten Beasaini eta kopako multzoko bigarren postuan dira. Usurbilen jokatuko dute larunbatean 10:30ean lehen postuan den taldearen aurka. Gorengoak dira asteburuan etxean jokatuko duten bakarrak. Getariaren aurka 2 eta 0 galdu ostean, sailkapenean beraien aurretik dagoen Ilintxa izango dute aurkari larunbatean 15:30ean etxean eta legazpiarrengana hurbiltzeko aukera ona izango dute.

Kadete mailako bi taldeek ere galdu egin zuten. Neskek 3 eta 1 Allerruren aurka. Sailkapeneko bosgarrenak dira eta asteburuan atsedena izango dute. Mutilek berriz, 2 eta 4 galdu zuten Danenaren aurka. Sailkapeneko zazpigarren postuan daude eta Tolosan jokatuko dute larunbatean 12:30ean. Azkenik, jubenilek atsedena izan zuten eta Danena Bren zelaian berrekingo diote lehiari, igandean 15:00etan.