Noticias

Atrás Ostegunean hasiko dira Alegiako jaiak

Lau egunetan zehar adin guztietako jendeari zuzendutako ekitaldi ugari izango da

07·07·2016


Astebete eskas geratzen da lau egunez luzatuko diren Alegiako jaietarako. Datorren ostegunean, uztailak 14, lehertuko da festa eta hilaren 17ra bitartean bete-beteko egitarauaz gozatzeko aukera izango dute alegiarrek eta Alegiara hurbiltzen direnek. Jarraian aletuta duzuen egitarauak baditu berrikuntzak eta horietan azpimarragarriena hilaren 16an egingo den goitibehera jaitsiera izango da. Dena den, ostegun arratsaldean ekingo zaie festei. Santosen omenezko futbol txapelketako gaztetxoen finala jokatuko da 17:00etan eta kartel lehiaketan parte hartu duten marrazkien erakusketa egingo da. Ondoren txistulariekin, dultzaineroekin, trikitilariekin, erraldoiekin eta buruhandiekin kalejira egingo da eta 19:00etan herriko emakumezko kirolariek botako dute txupinazoa. Ordu berean kontzentrazio bat egingo da plazan “Euskal preso eta iheslariak etxera” lemapean. Behin festa lehertuta, Loatzo txaranga kalez kale ibiliko da eta gau partean, Sutarri dantza taldearen emanaldia eta Joxe Mendizabalekin dantzaldia izango dira plazan.

 

Ostiralean jubilatuek eta haurrek izango dute protagonismoa egunean zehar. Goizeko lehen orduan jubilatuen mendi ibilaldia eta gaztetxoen 3x3 saskibaloi txapelketa jarriko dira abian. Ibilaldia eginda, jubilatuek hamaiketakoa izango dute ondoren eta 12:30ean haurrentzako Zozoom ikuskizuna izango da eskolako patioan. 14:30ean umeen bazkaria izango da plazan eta ondoren hain arrakastatsua izaten den playbacka. 18:00etan txokolatea banatuko da haurrentzat eta 19:00etan toka txapelketa izango da. Ostiraleko zahagiardoa zubian egingo da eta gau partean, bertsolariak eta musika izango dira. 22:30ean Elizpe zinean Sustrai Colina, Iker Zubeldia, Igor Elortza, Jone Uria eta Unai Mendizabal bertsolariak ariko dira kantuan Felix Irazustabarrenak gaiak jarrita eta gauerdian Egurra Ta Kitto eta Emon taldeen kontzertuak izango dira plazan.

Larunbatean haur parkea izango da egun osoan eskolako patioan. Eguerdian hain jendetsua izaten den sagardo dastaketa egingo da sardina eta txorizo erreekin. Eguzkitza, Sarasola, Isastegi, Aburuza eta Zabala sagardotegietako sagardoa izango da eta Irma Karrera eta Jokin Tolosa trikitilariak ariko dira. 15:30ean aurtengo berrikuntza nagusia. Galarreta baserriko bidean goitibehera jaitsiera egingo da. 18:00etan pilota partidak izango dira. Alegiako txapelketako finalak eta ondoren Olaizola eta Larunbe Artolaren eta Beroizen aurka ariko dira. Gauen Psycho-Clown ikuskizuna eta Dj Imanol izango dira.

Igandean, lehengo eta oraingo txistularien kalejirak esnatu du herria. 12:30ean Puro Relajo taldearen emanaldia izango da plazan. Arratsaldean, ume jolasak eta herri kirolak izango dira, Harrijasotzaileen XI. Txintxarri Saria jokatuko delarik. Joselu Anaiaken musikak eta gauerdian Txintxarria gordetzeko ekitaldiak agurtuko dituzte aurtengo festak.

Ondo pasa!!