Berriak

Atzealdea “Egunsentiaren kantak” kontzertua eskainiko dute ostiralean Txintxarri abesbatzak eta Pier Paul Berzaitzek Elizpe zinean

22:00etan hasiko den emanaldiak hiru zati izango ditu azkenekoan kantaria eta abesbatza elkarrekin ariko dira

2019·07·02


Txintxarri abesbatzak eta Pier Paul Berzaitz abeslariak “Egunsentiaren kantak” kontzertu berezia eskainiko dute ostiralean, uztailak 5, 22:00etatik aurrera Elizpe zinean. Abesbatzak beste hainbatetan egin izan duen moduan, abeslari batekin elkarbanatuko du oholtza. Pier Paul Berzaitz 1951ean jaio zen Muskildin (Zuberoa). Tradizioaren jarraitzaile eta bultzatzaile amorratua izan da eta zuberotar kantagintzarekin lotura estua izan du. 80. hamarkadaren amaieran bere bakarkako lehen diskoa atera zuen eta geroztik beste lau ere kaleratu ditu. Diskogintzatik haratago, pastoralak, antzezlanak eta bestelako ikuskizunak sortu eta zuzendu izan ditu, hainbat abesbatzekin elkarlanean jardutearekin batera.

Emanaldiak hiru zati izango ditu eta Iosune Marin eta Joxan Goikoetxea musikariak lagun izango dituzte abeslariek. Lehen zatian Pier Paul Berzaitz bakarrik ariko da eta lau abesti eskainiko ditu. Ondoren Txintxarri abesbatza oholtzaratuko da eta beste lau abesti eskainiko dituzte. Azkenik, Berzaitz eta abesbatza elkarrekin ariko dira eta zortzi kantu abestuko dituzte.

Emanaldia doakoa izango da eta herritarrei bertaratzeko gonbitea luzatzen die abesbatzak.