Berriak
Atzealdea ‘Eman Aurpegia!’ hondakinen inguruko sentsibilizazio kanpainak informazio puntua jarriko du plazan azaroaren 8an 15:00etatik 19:00etara
2023·11·02

Tolosaldeko Mankomunitatea hondakinen gaikako bilketari buruzko sentsibilizazio kanpaina bat garatzen ari da azken asteetan eskualdean. Kanpainak jomuga nagusi bat du. Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten 28 udalerrietako herritarrek gehiago eta hobeto birziklatzea. Hiri hondakinen gaikako bilketa tasa %66,98koa zen 2022an. Datu hori Europako Zuzentarauak 2025erako aurreikusten duen %55ekotik gora dagoen arren, 2030erako %5 hazi nahi da eta 2035erako %10.
‘Eman Aurpegia!’ kanpainak eskualdearen heterogeneotasuna hartzen du kontuan eta, horregatik, jarduera nagusia hondakinen gaikako bilketa izango bada ere, ekonomia zirkularrarekin lotutako beste alderdi batzuek hartuko dira kontuan, hala nola kontsumoaren murrizketa, berrerabilera, etab. Herri bakoitzean dagoen bilketa-sisteman dauden aldeak ahaztu gabe.
Aste honetan etxez-etxe banatu den eskuorriak jasotzen ditu kanpainaren ildoak. Aste hauetarako prestatu diren ekintzen artean, herriz herri dabilen informazio puntu bat ere badago. Alegiaren kasuan, azaroaren 8an, asteazkena, egongo da informazio puntu hori plazan 15:00etatik 19:00etara. Herritarrek bertara hurbildu eta informazioa eskuratzeko zein zalantzak argitzeko aukera izango dute.
Kanpainaren helburuak
Tolosaldeko Mankomunitateak abian jarritako lan-plan honek helburu orokor batzuk eta espezifikoagoak ditu. Lehenengoen artean, honako hauek ditugu helburu: tartean dauden 28 udalerrietako hondakinak kudeatzeko ildo estrategikoen berri ematea herritarrei, Mankomunitateak eskaintzen dituen zerbitzuei balioa ematea eta hondakinak kudeatzeko hiri-altzariak berrerabiltzeko, birziklatzeko eta zaintzeko ohiturak areagotzea.
Helburu espezifikoei dagokienez, ekonomia zirkularra deiturikoan eta 2030eko Garapen Iraunkorreko Helburuetan txertatzen dira ekintzak, ingurumenari buruzko legerian jasotakoa betetzeko. Gainera, elementu eta instalazioen berri emango da, hala nola edukiontziak, hondakinen ekarpen-puntuak, garbiguneak, zalantzak argituko dira eta erabiltzaileek eskubideak eta betebeharrak ezagutzen lagunduko da. Hori guztia bildutako hondakinen kantitatea eta kalitatea hobetzeko asmoz.