Berriak
2021·06·17
Ekainaren 24an, osteguna, udako kultur egitarauko ekitaldi berri bat eskainiko da Kalebeherako parkean. 19:30ean hasita, Mugmus laborategiak ‘Esku Harria: Oteizaren (h)aria’ ikuskizuna eskainiko du. Jorge Oteiza artista polifazetikoak bere ibilbide aberatsean jorratutako iruditeri anitzaren berrirakurketa propio bat egiten du. Era honetan, mugimenduak eta musikak batetik, eta nortasun handiko eszenografia xume baina iradokitzaileak bestetik, eskaintzen dituzten baliabide metaforikoei esker, harrespila (cromlech-a), hutsunea, espazioaren trataera mamitsu eta moldagarria, desokupazioa, eskultura, “Laboratorio de Tizas” delako bilduma, musika seriala eta konkretua, bertsolaria, txalaparta, Ez Dok Hamaihiru, hitza, haurra etab. bezalako elementuei keinu eginez Oteizaren unibertso zabal eta partikularra gogora ekarri eta berreraiki nahi da.
Mugimenduaren (dantza), musikaren, eskulturaren, hitzaren, hotsen, espazioaren trataeraren… harilkatze fin baten bitartez ikuslea oharkabean aipaturiko elementu horietatik guztietatik bidaiaraziko da MugMus Laborategiak eginiko irakurketa propio honen bitartez.
Gogoan izan, egitarau osoa webgune honetako agenda atalean kontsultatu dezakezuela. Emanaldietarako gonbidapenak ekitaldi bakoitzean sartuta edo telefonoz eskatu daitezke, 943 65 46 98 zenbakira 10:00etatik 14:00etara deituta. Ekitaldi guztietan segurtasun eta osasun neurriak bermatuko dira eta ekintzetako protokoloa webgune honetan kontsultatu daiteke, ekitaldi bakoitzean sartuta. Gogoan izan, ekitaldiaren hasiera ordua baino 15 minutu lehenago zuen lekuetan eserita egon behar duzuela.