Berriak

‘Jomuga seguru’ gisa identifikatzen lagunduko dien zigilua eskuratu ahal izango dute turismo establezimenduek

Euskadiko Kode Etikoaren konpromisoekin bat egiten duten enpresek eskuratu ahal izango dute zigilua eta eskaera egiteko azken eguna ekainaren 3a izango da

2021·05·26


Tolosaldea Garatzeneko Turismo Sailak, Basquetour turismoaren euskal agentziarekin elkarlanean, hainbat ziurtagiri eta programa jarri ditu martxan, eskualdeko enpresentzat. Tolosaldeko turismo establezimenduek “Jomuga Segurua” zigilua lortzeko aukera izango dute, SARS-CoV-2 koronabirusaren kutsatze arriskua murrizteko neurriak hartu dituztela bermatzeko. Zigilua doakoa da, eta Tolosaldea Garatzenen laguntza jasoko dute, beti ere, Euskadiko Kode Etikoaren konpromisoekin bat eginez gero.

Espainiar estatuko 1.500 enpresa inguruk dute zigilu hau gaur egun eta enpresa bakoitzari neurriak modu egokian ezartzen laguntzeaz gain, bezeroari establezimendua leku seguru gisa identifikatzen laguntzen dio. Zigilua lortzeko, bisita batean establezimenduak martxan jarritako segurtasun protokoloa aztertu, autoebaluaketa batekin egiaztatu eta online ebaluaketa bat egingo da, ekainaren bukaeran.

Kode Etikoa, erantzukizuna sustatzeko

Aipatu moduan, Euskadiko Kode Etikoaren konpromisoekin bat egin beharko dute zigilua lortzeko laguntza jaso nahi duten enpresek.

Kode Etikoak Euskadiko eragile turistiko guztiek beren egunerokoan erantzukizuna eta jasangarritasuna integratzea du helburu. Turismoaren Mundu Erakundearen (TME) Munduko Kode Etikoan oinarrituta garatu du, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak.

Horretarako, funtsezko 8 printzipio biltzen ditu, eta enpresa bakoitzak printzipio bakoitzaren inguruan egiten duen kudeaketaren inguruko hausnarketa egiteaz gain, hobekuntzak garatu eta planifikatzeko aukera izango du.

  1. Turistak ulertzen eta errespetatzen laguntzea.
  2. Berdintasuna, gizarteratzea eta aniztasunarekiko tolerantzia.
  3. Jasangarritasuna.
  4. Bertako tradizioaren eta kulturaren sustapena.
  5. Gizateriaren kultur ondarearen zainketa.
  6. Bikaintasuna eta profesionaltasuna.
  7. Pertsonen eskubideak errespetatzea.
  8. Sektoreko langile eta enpresarekiko tratu egokia.

‘Jomuga Segurua’ zigilua lortu nahi duten turismo enpresentzat informazioa:

Izena emateko baldintza: Tolosaldeko turismo enpresa bat izatea (alojamendua, zerbitzua, ostalaritza…).

Izen emateko azken eguna: Ekainak 3

Prozesua: Tolosaldea Garatzeneko turismo teknikarien laguntzarekin, bisita batean establezimenduak martxan jarritako segurtasun protokoloa aztertu, autoebaluaketa batekin egiaztatu eta online ebaluaketa bat pasako da ekainaren bukaeran.

Prezioa: Doakoa

Bermatzen duen organoa: Turespaña

Indarraldia: 2 urte, urteroko berrikuspenarekin.

Harremanetarako: garmendia@tolosaldea.eus edo 606 758 577.