Berriak
Atzealdea ‘Raketistak lehen eta orain’ dokumentala eskainiko da bihar zinean Aste Morea amaitzeko
2022·03·14
Eztanda talde feministak antolaturiko Aste Moreko azken ekitaldia egingo da bihar, martxoak 15. 18:30etik aurrera ‘Raketistak lehen eta orain’ dokumentala eskainiko da zinean. Emakume pilotari profesionalak ezagutzeko modua eskaintzen du Jon Juanesen dokumentalak. Ez bat eta ez bi, ehunka emakume izan ziren raketista profesional Espainiar Estatuan nahiz Ameriketan propio zabaldutako frontoietan. Raketisten gaia gordea egon da, sekretua bailitzan.
Egiaztatzea lortu den informazioarekin 1917tik 1980ra bitarte iraun zuen modalitatearen berri ematen da, ikuspegi orokor bat izateko. Argazki, agiri, ilustrazio eta egunkariez gain, "Agustina", "Ramonita", "Asteasu", "Emili", "Soroa" eta "Larramendi I" ezagutzeko aukera izango da. Emakume aurrerakoi hauek frontoi barruan nahiz kanpoan izandako bizipenen berri emango dute, norberak bere larruan bizitakotik. Gezurra dirudi, "Soroa" salbu, gainerako bost lagunek 90 urteren buelta dutenik.
Proiekzioaren ostean, Alegiako emakumezko palisten testigantzak entzuteko aukera izango da.