Berriak
Atzealdea Elorri Aldapak 44 eta 55 galdu zuen Bosteko Irauliren aurka partida lehiatu batean
2024·04·15

Elorri Aldapak bigarren faseko bigarren porrota jaso zuen larunbatean. Multzoko lidertzan den Bosteko Irauli taldea izan zuten bisitari Elorri pilotalekuan eta partida estua izan arren, azkenerako 44 eta 55 galdu zuten. Egiari zor, partida ikustera hurbildu ziren zaleek neurketa oso lehiatua ikusteko aukera izan zuten. Bigarren mailan gainontzekoen gainetik nabarmendu diren bi taldeak aurrez aurre aritu ziren eta intentsitate oso altuan jokatu zuten. Lehen hamar minutuetan berdintasuna izan zen nagusi eta 12na amaitu zen lehen laurden hori.
Donostiarrek partidak erabaki ditzaketen hainbat jokalari dituzte taldean eta Elorri Aldapak, talde lan oso ona eginez lortu zuen horietako batzuk ondo zaintzea. Horrek ahalegin handia eskatu zien alegiarrei eta saskira begira ez zuten nahi adina asmatu. Horri zorte txarra ere gehitu behar zaio, barruan ziruditen hainbat jaurtiketa atera ere egin zirelako.
Aipatutakoaren bidetik, bigarren laurdena 22 eta 29 amaitu zen. Hirugarrenaren hasieran Elorri Aldapak erreakzionatu eta aldea lau puntura murriztu zuen baina donostiarrek lortu zuten berriz ere tartetxoa zabaltzea. 35 eta 44 amaitu zen partida eta azken hamar minutuetan gogotik saiatu arren, alegiarrek ezin izan zuten markagailua irauli. Hori bai, Elorrin bildutakoen zaleek gogotik eskertu zuten euren txaloekin jokalari guztiek egindako ahalegina.
Gauzak horrela, alegiarrek bigarren jarraitzen dute sailkapenean. Larunbatean 18:00etan Mondragon Unibertsitatearen kantxan ariko dira eta finalerdietan izateko helburu horretarako bidean urrats ederra eman dezakete garaipena lortzen badute.