Berriak

Atzealdea Elkarbidean programarekin oporretara joateko aukera eskaini nahi zaie desgaitasunen bat duten herritarrei

Ekainetik urrira bitartean eskaintzen dira bidaiak eta interesatuek Udaleko gizarte zerbitzuetan eskuratu dezakete informazioa

2024·04·16


Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak sustatzen duen eta desgaitasuna duten pertsonen aisialdi eskubidea bermatzen duen programa da Elkarbidean. Desgaitasuna duten pertsonentzat oporretarako bidaiak eta jarduerak antolatzen dituzte eta prest dute aurtengo eskaintza. Ondokoek eman dezakete izena:

-16 urtetik gorako eta desgaitasun fisiko, organiko edo sentsoriala duten pertsonak.

-Desgaitasuna, mugikortasun murriztua edota mendekotasun maila handiko pertsonek eta behar bereziko egoeran dauden pertsonek lehentasuna izango dute.

-Osasun zerbitzu bereziak behar dituzten gaixoak eta elkarbizitza aztora dezaketen nahasmenduak dituztenak salbuetsita geratzen dira.

-Laguntzaileekin bidaiatzeko irizpide batzuk daude. Eskaera egin duen pertsonak mendekotasun egoera aitortua duenean, laguntzaile egoki batekin bidaiatu ahal izango du bidaiaren %5a ordainduz.

-Mendekotasun egoera aitortua ez badu, laguntzaileak egonaldiaren %100a ordaindu beharko du.

Aurtengorako bidaia hauek antolatu dira:

-Ekainaren 7tik 13ra: Asturias.

-Ekainaren 16tik 30era: Salou.

-Uztailaren 6tik 20ra: Salou.

-Abuztuaren 17tik 26ra: Gran Canaria.

-Irailaren 22tik 6ra: Calpe.

Interesa duten herritarrek Udaleko gizarte zerbitzuetan eskuratu dezakete informazio gehiago.