Berriak

Atzealdea Iñaki Artolak garaipenarekin ekin dio buruz buruko final laurdenetako ligaxkari

Ezkurdiari 22 eta 10 irabazita, ostiralean Elordiren aurka jokatuko du Azkoitian bigarren jardunaldiko partida

2024·04·17


Iñaki Artolak oso ondo ekin dio buruz buruko pilota txapelketako final laurdenetako ligaxkari. Alegiarrak Joseba Ezkurdiaren aurkako partida izan zuen igandean Eibarren eta 22 eta 10 irabazi zion. Artolak partida ederra jokatu zuen eta neurketa guztian zehar aurretik izan zen markagailuan. Uneren batean aurkaria hurbildu zitzaion, 13 eta 10ekoan kasu, baina sendotasun handia erakutsiz, handik aurrerako tanto guztiak jarraian egin zituen alegiarrak eta 22 eta 10 amaitu zen partida. Sakearekin asko asmatu zuen Artolak eta pilotakada luzeak eta hanketara jokatutakoak tartekatuz, min handia egin zion arbizuarrari.

Ostiralean izango du ligaxkako bigarren partida Artolak. Egungo buruz buruko txapelduna den Elordiren aurka ariko da Azkoitian. Bi pilotariek garaipena lortu zuten lehen jardunaldian eta irabazten duenak, oso gertu izango du finalerdietarako txartela. Artolaren kasuan, berak irabazten badu eta Ezkurdiak Zabalari irabazten badio, finalerdietan izango da.

Intxurrekoen partidak

Ostiralean Gipuzkoako lau t’erdiko txapelketako lau partida jokatuko dira Elorri pilotalekuan 18:15etik aurrera:

-Lau t’erdian gizonezko jubenilen lehen maila: Iturrioz (Intxurre)-Otaegi (Lapke).

-Lau t’erdian gizonezko nagusien bigarren maila: Onsalo (Intxurre)-Mujika (Zazpi Iturri).

-Lau t’erdian gizonezko jubenilen lehen maila: Madina (Intxurre)-Cestau (Behar Zana).

-Lau t’erdian gizonezko nagusien lehen maila: Oiarbide (Intxurre)-Ibarguren (Legazpi).