Berriak

Atzealdea Elorri Aldapak finalerdiak etxean jokatzea ziurtatu du Arrasaten 65 eta 72 irabazita

Larunbatean 16:15ean Artesanos Juantxoren aurkako neurketa izango dute Elorrin

2024·04·25


Elorri Aldapak finalerdiak etxean jokatzea ziurtatu zuen larunbatean Mondragon Unibertsitatearen kantxan 65 eta 72 irabazita. Baja batzuk izan arren, partida serioa jokatu zuten alegiarrek eta hasieratik hartu zuten agintea markagailuan. Lehen laurdena 17 eta 22 amaitu zen eta aurkariak alegiarren joko azkarra gelditzeko egindako ahaleginaren aurrean, ondo jakin zuten egokitzen Elorri Aldapakoek. Atsedenaldi luzera 31 eta 45 iritsi ziren eta ondorengo bi laurdenetan aurkaria apur bat hurbildu arren, garaipenari eustea lortu zuten alegiarrek.

Esan bezala, garaipen honekin ziurtatuta dute bigarren postua eta horrenbestean, finalerdiak etxean jokatzea. Maiatzaren 11n izango da partida hori baina oraindik ez dakite zein izango duten aurkari. Bigarren faseko lanak osatze aldera, azkenaurreko partida jokatuko dute larunbatean 16:15ean etxean Artesanos Juantxo taldearen aurka. Partida hori baliatuko du gainera Elorri Aldapak, aurten 25 urte betetzen dituen Alegiako Sutarri dantza taldearen ibilbideari aitortza egiteko, atsedenaldian egingo den ekitalditxo batekin. Beraz, zaleei partida ikustera hurbiltzeko deia egiten zaie.