Berriak
Atzealdea Elorri Aldapak 67 eta 68 galdu zuen Artesanos Juantxoren aurka
2024·04·29

Elorri Aldapak denboraldiko lehen partida galdu zuen etxean iragan larunbatean. Artesanos Juantxo taldearen aurka aritu ziren alegiarrak eta puntu bakarreko aldeaz, 67 eta 68 galdu zuten. Lehen laurdena 11 eta 14 amaitu zen eta atsedenaldi luzera 36 eta 35 aurretik iritsi ziren alegiarrak. Hirugarren laurdena ere bost puntu aurretik amaitu zuten baina azken hamar minutuetan eibartarrek markagailuari buelta ematea lortu zuten, garaipena erdietsiz.
Elorri Aldapak denboraldian zehar minutu gehien pilatu dituzten jokalariei atseden apur bat emateko baliatu zuen partida eta bide beretik, minutu gutxiago izan dituzten jokalariek talde dinamikan ardura gehiago hartzeko aukera izan zuten. Zentzu horretan, denboraldiko zati garrantzitsuari begira, jokalari guztiak talde dinamika horretan zentratuta izatea da helburua.
Bigarren fasea amaitzeko neurketa bakarra geratzen zaie eta hori larunbatean jokatuko dute 14:00etan Tolosan Karlatz Takeren aurka. Behin neurketa hori igarota, maiatzaren 11n Alegian jokatuko duten finalerdiari begira jarriko dira.
Sutarriri aitortza
Larunbateko partidaren atsedenaldian, Sutarri dantza taldeari aitortza bat egin zitzaion. Aurten 25 urte betetzen ditu herriko dantza taldeak eta Elorri Aldapako arduradunek urte horietan guztietan egindako lanagatik esker ona azaldu nahi izan zieten.