Berriak

Atzealdea Alegiako Gaztelekuak maiatzaren 8an zabalduko ditu ateak

Hilaren 8tik 11ra bitartean herritarrek ateak zabalik izango dituzte zerbitzua bertatik bertara ezagutzeko

2024·05·03


Alegiako Gaztelekua jarriko da martxan 2024ko maiatzaren 8tik aurrera Alegiako Udalaren eta Kalexka elkartearen eskutik. Zerbitzu honek aisialdi taldea sortzeaz gain, haurren, nerabeen eta gazteen parte hartzea lantzeko asmoa du modu iraunkor eta egonkorrean. Beraien beharretatik eta nahietatik abiatutako zerbitzua izango da, horrela herrian ere beraien iritzia, zuzeneko presentzia, beharrak eta nahiak egongo dira une oro presente.  Beraz, proiektu honi esker, Alegiako eta inguruko herrietako haur, nerabe eta gazteei beren haurtzaroaz eta gaztetasunaz gozatzeko aukera eskainiko zaie.

Entretenimendurako ekintzak antolatzetik haratago doan proiektua da. Hezitzaileak eta begiraleak izango dira esku-hartzea egingo dutenak. Baliabide gisa, Alegiako kultur etxean Gaztelekua erabilgarri izango dugu. Haur, nerabe eta gazteena izango dena. Dena den, gure aisialdian herria eta bertako inguruetara joko dugu ekintza ezberdinak egiteko.

Gaztelekuaren 2024ko irekiera maiatzaren 8an izango da eta ekainaren 22an emango zaio itxiera 2023-2024ko ikasturtearekin batera. Izan ere, ekainaren 24tik uztailak 30era, 2 eta 18 urte bitartekoei zuzenduriko udalekuak eskainiko dira herrian. Hala eta guztiz ere, 2024ko irailean, hurrengo ikasturtearen hasieran, Gaztelekuari berriro ere emango zaio irekiera.

Gaztelekua hobeto kudeatzeko talde ezberdinak eta ordutegi ezberdinak finkatuko ditugu (hala ere, ordutegi hauek behin-behinekoak dira eta taldea finkatzen denean denon artean ordutegi egokiena erabakiko dugu):

-Asteazkenetan 16:30-18:30etara: LH 1, 2 eta 3koentzat.

-Ostegunetan 16:30-18:30etara: LH 4, 5 eta 6koentzat.

-Ostiraletan 16:30-19:30etara: DBHkoentzat.

-Larunbatetan 16:30-19:30etara: 2006-2007 urteetan jaiotakoentzat.

Gaztelekuak herritar aktiboak, herriarekiko loturak sortu, sendotu, astindu eta eragin nahi ditu. Egungo haur, nerabe eta gazteen eskubideak bermatuz, herri txikien bilakaeran parte hartze aktiboa izango duten eragileen sorrera ahalbidetu nahi du.

Zerbitzuaren gaineko informazio gehiago jakiteko eta elkar ezagutzeko, herritar guztiak gonbidatuta zaudete maiatzaren 8tik 11ra, aipatutako ordutegian, kultur etxean egingo diren ate irekien jardunaldietara.