Berriak
Atzealdea

19 postu izango dira igandeko Artisau eta Nekazal Azoka Berezian

11:00etatik 14:00etara askotariko produktuak ikusteko eta erosteko aukera izango da plazan

2022·09·21


Iraileko azken igandearekin batera, hamabosgarrenez egingo da aurten Alegiako Artisau eta Nekazal Azoka Berezia. Irailaren 25ean goizeko 11:00etarako prest izango dira Alegiako plazan azoka osatuko duten 19 postuak eta 14:00ak arte, postu horiek ikusteko eta zerbait erosteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Ohi bezala, askotarikoak izango dira postuak: barazkiak, frutak, etxean egindako hainbat elikagai, bitxiak…

Eguraldi iragarpenek euria iragartzen dute iganderako baina antolakuntzak ostiralerarte behintzat itxarongo du azoka lekuz aldatu edo ez erabakitzeko. Euria egingo balu, azoka Elorri pilotalekuan egingo da. Udaleko Kultura batzordeak azokara hurbiltzeko gonbidapena luzatzen du.