Berriak
Atzealdea 20 postu izango dira igandeko Artisau eta Nekazal Azoka Berezian
2016·09·21
Iraileko azken igandearekin batera, aurten ere Artisau eta Nekazal Azoka Berezia ospatuko da Alegian. Alegiako ekoizleek urte guztian zehar egiten duten lana erakusteko aukera izaten dute azoka honetan eta beraien produktuekin kolorez betetzen dute Alegiako plaza. Goizeko 11:00etan emango zaio hasiera azokari eta postuak 14:00ak bitartean egongo dira ikusgai. Aurtengo ekitaldian guztira 20 postu izango dira eta denetik egongo da: barazkiak, esnekiak, tartak, bizkotxoak, mondejuak, ahate produktuak, sagardoa, taloak, egur tailak, txori kaiolak, jaboi naturalak, bitxiak…
Bertaratzen direnek mokadu bat egiteko aukera izango dute, hainbat postutan salduko diren taloekin eta pintxoekin. Horrez gain, erosketaren bat egiten dutenei zenbaki bat duen txartel bana emango zaie eta 13:00ean, azokako postu guztietako produktuak biltzen dituen sorta baten zozketa egingo da.
Gauzak horrela, igandean eguraldiak laguntzea soilik falta da Alegiara geroz eta jende gehiago erakartzen duen azoka honen hamargarren ekitaldia arrakastaz betea izan dadin.