Berriak

Atzealdea 2019ko Alegiako jaiek badituzte irudiak

Festa batzordeak logotipoa eta egitarauko azala eta kontrazala ezagutarazi ditu

2019·06·04


Hilabete eta erdi baino gutxiago geratzen da Alegiako jaietarako. Azken urteetan egin den bezala, Festa batzordeak jaietako egitarauko azala izango den irudia aukeratzeko lehiaketa bat egin du. Maiatzeko azken astean herritarrek gehien gustatzen zitzaien kartelaren aldeko botoa emateko aukera izan dute eta azkenerako, Nahia Ansorenaren lana izan da bozkatuena. 49 boto jaso ditu Ansorenaren lanak, bigarren geratu denak baino lau gehiago. Erakusgai ziren beste bi lanek launa boto jaso dituzte eta baliogabeak kontuan izanda, guztira 106 boto jaso dira. Botoa eman dutenen artean ardo botila baten zozketa egin da eta Paula Valor izan da irabazlea.

Egitarauko kontrazalean agertzen den marrazkia eskolako ikasleek egindakoen artetik aukeratzen da eta aurten Oier Orejak egindako irudia aukeratu da. Azkenik, jaien bueltan egiten diren kamisetetan zein jaiei buruzko karteletan agertuko den logotipoa Ziortza Artolak egin du.

Festa batzordeak eskerrak eman nahi dizkie lanak aurkeztu dituzten guztiei eta baita bozketan parte hartu dutenei ere.