Berriak

Atzealdea 268 kilo hondakin solido atera dira Alegiako ibai eta erreketan aurreko asteetan egindako garbiketan

Errefusa, plastiko, lata eta eskuoihal higieniko kopuru handiak bildu dira eta aurrerantzean datuak hobetzea da helburua

2021·04·15


Oria ibaiak Alegiako herrigunea zeharkatzen du, herritar guztien gozamenerako. Ibaira begiratzen dugunean askotan urak garraiatutako plastikoak zuhaitzen adarretan harrapatuta besterik ikusten ez baditugu ere, habitat honek altxor asko ezkutatzen ditu, gure begiradatik oharkabean pasatzen direnak.

Bere balio naturistiko handiagatik, Oria ibaia babestuta aurkitzen da Alegia parean (Amezketa ibaiarekin bat egiten duen lekuraino), Natura 2000 Sarearen barruan, Kontserbazio Bereziko Eremu gisa. Izan ere, espazio honetan interes handiko fauna eta flora espeziek aurkitu ditzakegu, hala nola: martin arrantzalea, ur-zozoa edo bisoi europarra. Azken hau, Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan galtzeko arriskuan daudenen kategorian sailkatutako espeziea da eta Europako ugaztunik mehatxatuenetariko bat.

Orain arte herritarrak arduratu dira ibaia auzolanean garbitzeaz, baina aurten, ibaiaren egoera ekologikoa hobetzeko asmoz, Alegiako Udalak ibaiaren ubide eta bazterretako hondakin solidoak biltzeko eta kentzeko zerbitzua eskainiko du. Urtean 5 garbiketa egingo dira, ez bakarrik Oria ibaiaren ibilguetan, baita Aritzaga eta Txubiritxo erreken ibilguetan ere. 

Horietako lehen garbiketa azken apirileko lehen egunetan egin da Urzain taldea Alegiako ibai eta erreken ubide eta bazterretan aurkitutako hondakin solidoak biltzen eta kentzen aritu da. Lana kontu handiz egin da, bertako fauna eta flora une oro errespetatuz.

Datuak aztertze aldera, guztira 268 kilo hondakin solido baino gehiago kendu dira.  Batez ere errefus-hondakinak kendu diren arren, nabarmendu behar da eremu natural hauetan aurkitutako plastiko, freskagarri lata eta eskuoihal higieniko kopuru handiak. Horiez gain, 10 telefono mugikor, 7 kargagailu eta zenbait bizikleta-gurpil ere kendu dira.

Hemen bildutako hondakinen laburpena:

HONDAKIN MOTA

BOLUMENA (Kg)

Plastikoak/ Ontzi-Arinak

29,285 Kg

Beira/ Kristala

5,465 Kg

Metala

15,575 Kg

Hondakin Elektronikoa        

2,250 Kg

Arropa

42,900 Kg

Errefusa

155,570 Kg

Eskuoihal higienikoak           

15,345 Kg

Beste batzuk

2,410 Kg

GUZTIRA

   268,800 Kg

 

Ibaiak etengabe errekatik gorako hondakinak ekartzen badizkigu ere, lanean jarraituko dugu gure ibaia eta herria garbi mantentzeko. Ez dugu ahaztu behar guztion ardura dela ibaia zaintzea eta errespetatzea,  denok altxor honetaz gozatu ahal izateko.