Berriak
Atzealdea 30 postu izango dira igandeko Artisau eta Nekazal Azoka Berezian
2023·09·20
Iraileko azken igandearekin batera, hamaseigarrenez egingo da aurten Alegiako Artisau eta Nekazal Azoka Berezia. Irailaren 24an goizeko 11:00etarako prest izango dira Alegiako plazan azoka osatuko duten 30 postuak eta 14:00ak arte, postu horiek ikusteko eta zerbait erosteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Ohi bezala, askotarikoak izango dira postuak: barazkiak, frutak, etxean egindako hainbat elikagai, bitxiak…
Trafiko mozketa
Azken urteekin alderatuta, postuak jartzeko eskaera kopuruak gora egin du eta hori ikusita, antolakuntzak udaletxeko plazaz eta taxi geltoki inguruaz gain, San Juan kalean kalebehera aldera ere kokatuko ditu postuak. Hori dela eta, Tontokale gaineko bidegurutzetik Orendaingo bidegurutzerainoko tartea itxita egongo da ibilgailuentzat 11:00etatik 14:00etara. Tarte horretan saihesbidea erabili beharko da Orendainera edo Larraitz auzora joateko.
Antolakuntzak herritarrak eta ingurukoak ere bertaratzera eta azokako produktuak erostera animatu nahi ditu.