Berriak

Atzealdea 45 kilo hondakin bildu zituzten Alegiako Herri Eskolako ikasleek egindako ibai garbiketan

Gehienbat plastikoa atera zuten baina freskagarri lata, burdin eta musuko ugari ere bildu zuten

2021·10·11


Alegiako Herri Eskolako LH 5. mailako ikasleek Amezketa ibaiko zati bat garbitu zuten iragan ostiralean. Alegiako Udalak sakabanatutako zaborren pilaketa fokuak prebenitzeko eta zuzentzeko aurten martxan jarritako “Alegiako natur guneen garbiketa” proiektuaren baitan, Franconitik hasi eta futbol zelaira bitarteko ibai zatian aritu ziren garbiketa lanetan Urzain taldeko kideek dinamizaturiko saioan.

Guztira 45 kilo hondakin atera zituzten ibaitik. Plastikozko hondakinak izan ziren gehienbat atera zituztenak baina freskagarri latak, burnia eta musukoak ere atera zituzten. Sentsibilizazio jarduera honetan parte hartu zuten gaztetxoak taldetan banatuta aritu ziren ibaiko zati ezberdinak garbitzen eta amaieran harridura erakutsi zuten hain denbora tarte laburrean atera zuten hondakin kopurua ikusita.