Berriak
45 urtetik gorakoak laneratzeko formazioa eskainiko du Lortzen programak ekainaren 1etik uztailaren 6ra
2021·05·17
Tolosaldean 45 urtetik gorakoena da langabetu gehien dagoen adin tartea. Horregatik, enplegu alorreko lehentasunen artean da multzo horretako pertsonen aktibazioa eta lan-aukerak sustatzea.
Lortzen programaren bitartez egiten du hori Tolosaldea Garatzenek. 45 urtetik gorako langabeak formatzeko proiektua da, lan-munduan sartzeko aukerak handitu ditzaten.
Bi esparrutan egiten da lan. Alde batetik, gai konkreturen baten inguruko doako formazio teknikoa eskaintzen du. Aurten 100 orduko prestakuntza eskainiko du Fondo Formación Euskadik, biltegiko lanen eta bezeroen arretaren inguruan.
Besteak beste, produktuak antolatzeko, eskaerak prestatzeko, bezeroei arreta emateko, kutxa erregistratzaileak erabiltzeko eta merkataritza elektronikoa ulertzeko gako eta teknikak irakatsiko dira saioetan. Ekainaren 1etik uztailaren 6ra, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era izango dira, Lehiberri Zentroan.
Bestalde, formazio teknikoa tartekatzen da taldekako nahiz banakako orientazio saioekin. Helburua da, laneratzeko beharrezkoak diren gaitasun profesional, pertsonal eta emozionalak garatzea, hala nola, sormena, ardura, moldagarritasuna, enpatia, talde-lana, gatazken kudeaketa, konfiantza, ziurtasuna, autokontrola, automotibazioa edo iniziatiba. Laneko banakako segimendua ere egingo da.
Taldea osatzen ari da orain Enplegu Saila, eta parte hartu edo informazio gehiago eskuratu nahi dutenek, lan@tolosaldea.eus helbidera idatzi edo tolosaldeagaratzen.eus web orriko Lortzenen gunean datuak bete beharko dituzte.