Berriak

Atzealdea 45 urtetik gorakoentzat zerbitzari lanetarako doako formazioa eta orientazioa eskainiko ditu Tolosaldea Garatzenek Lortzen programaren bidez

Ostalaritzan lan egiteko formazioa eta orientazioa eskainiko dira urriaren 4tik azaroaren 15era eta izena ematea zabalik dago

2021·09·23


 

Tolosaldea Garatzeneko Enplegu Sailak bere proiektu estrategikoetako bati helduko dio urri eta azaroaren artean: Lortzen programari. 45 urtetik gorako Tolosaldeko langabetuen aktibazioa eta lan-aukerak sustatzea du helburu egitasmoak.

Bi fasetan banatzen da: lehenik eta behin, ingurune profesionalean beharrezkoak diren konpetentziak garatzeko orientazioa egiten da, taldeka nahiz bakarka. Eta, ondoren, lanbide batean trebatzeko doako ikastaro teknikoa eskaintzen da, hilabete batez.

Udaberrian biltegiko lanetan trebatzea izan zuen xede programak. Urritik aurrera, berriz, ostalaritza establezimenduetan zerbitzari izateko 100 ordu inguruko formazioa eskainiko da.

Besteak beste, taberna eta jatetxeetan, barran nahiz jangelan bezeroei arreta egokia emateko gakoak, eta kafea, ardoa eta bestelako edariak prestatzeko eta eskaintzeko teknikak irakatsiko dira saioetan, CEBANCen eskutik.

Hain zuzen, ostalaritza sektoreak zerbitzarien behar handia dagoela azaleratu du azken aldian, baita izena ematen duten askok ez dutela ez eskarmenturik ezta prestakuntzarik ere. Horregatik, programa hau lan irtenbide egokia izan daiteke.

Programa urriaren 4an abiatuko da, taldekako orientazio saioekin. Bi astez laneratzeko beharrezkoak diren gaitasun profesional, pertsonal eta emozionalak jorratuko dira: sormena, ardura, talde-lana, konfiantza, gatazken kudeaketa, iniziatiba… Segidan ekingo diote formazio teknikoari, eta hilabete iraungo du.

Saioak astelehenetik ostiralera, 09:30etik 14:30era izango dira, Lehiberri Zentroan. Formazio teknikoaren kasuan, bi saio praktiko izango dira, eta horiek CEBANCen Donostiako egoitzan izango dira.

Izen-ematea zabalik da, eta parte hartu edo informazio gehiago eskuratu nahi dutenek, lan@tolosaldea.eus helbidera idatzi edo tolosaldeagaratzen.eus web orriko Lortzenen gunean datuak bete beharko dituzte.