Berriak
Atzealdea Abenduaren 16tik urtarrilaren 5era luzatuko da gabonetako kultur egitaraua
2023·12·13

Alegiako Udaleko Kultura batzordeak prest du gabonei begirako kultur egitaraua. Abenduaren 16an hasi eta urtarrilaren 5era bitartean luzatuko da eta data horietan ohikoak izaten diren eta aurten berrikuntza modura aurkezten diren ekitaldiz osatuta egongo da. Hain zuzen ere, berrikuntza horietako batekin emango zaio hasiera. Abenduaren 16an Gabonetako Pala Txapelketaren lehen ekitaldiko aurreneko partidak jokatuko dira 16:30ean Elorri pilotalekuan. Gizonezkoen mailako final laurdenak izango dira. Udalak antolatu eta Iskiña tabernak eta Ogi Berrik babestu duten txapelketa hau estreinakoz jokatuko da. Bigarren jaialdia abenduaren 23an jokatuko da, ordu berean, kasu honetan emakumezko zein gizonezkoen mailetako finalerdiekin eta finalak abenduaren 29an izango dira, 19:00etan Elorrin.
Abenduaren 17an Udalak gaztaina erreak banatuko ditu plazan herritarrentzat 18:00etatik aurrera eta hilaren 18an Loatzo musika eskolako ikasleen gabonetako kontzertua izango da 19:00etan kultur etxean. Abenduaren 22an, ostirala, egitarauko beste berrikuntzetako bat izango da. Goiko Gela gospel taldeak kontzertu bat eskainiko du zinean 19:30etik aurrera.
Abenduaren 24an gabonetako kantuek protagonismoa hartuko du Alegian. Goizeko 11:00etatik aurrera Alegiako eskoletako ikasleak kaleetan kantari ibiliko dira eta bazkalostean, Txintxarri Abesbatza kultur elkarteak antolatutako Kantu Eske Herrikoian aterako diren herritarrek hartuko diete erreleboa. 18:30ean Olentzero eta Mari Domingi iritsiko dira Alegiara. Ordu horretan eskola parean itxarongo zaie eta herrian ibili ostean plazara iritsiko dira.
Abenduaren 26an, 27an eta 30ean Gabonetako Pilota Topaketa egingo da beste urtebetez Intxurre pelota eskolaren ekimenez. 26an eta 27an sailkatze partidak jokatuko dira eta 30ean finalak Ikaztegietan izango dira. Urteko azken egunean, abenduaren 31n, San Silbestre krosa jokatuko da 11:00etatik aurrera. Izena emateko epea abenduaren 18tik 22ra egongo da zabalik kultur etxean.
Urte berriko lehen egunean, Udal hautetsiek intxaurrak eta mandarinak banatuko dituzte 12:15etik aurrera plazan. Hilaren 3an, asteazkena, Txuri Urdinera irteera bat egingo da gaztetxoentzat Iturri Zahar Guraso Elkarteak antolatuta eta urtarrilaren 4an, Zurrunka Teatrok ‘Gure kanoa’ emanaldia eskainiko haur eta gaztetxoentzat 17:00etan kultur etxean. Azkenik, urtarrilaren 5ean, ostirala, errege kabalgata egingo da 18:00etan.
Egitaraua osorik lotura honetan kontsultatu daiteke.